AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/12 17:52

Aurpegi-ezagutzari lotutako mekanismoak modu masiboan erabili ahal izango ditu Poliziak Europar Batasunean, "krimenen ikerketarako". Prüm II izeneko lege-esparrua onartu du berriki Europako Parlamentuak, aldeko 451 botorekin, aurkako 94 botorekin eta hamar abstentziorekin. Espainiako eta Frantziako estatuek erreformaren alde egin dute.

2008an indarrean sartutako araudia (Prüm) berrituko dute erreformaren bidez, polizia-ikerketetarako baliabideak areagotuta. Legez onartu dute Europar Batasuneko herrialdeetako polizia-indarrek, bai eta Europolek ere, datu-base orokor baterako sarbidea izatea. Datu-base horrek, besteak beste, aurpegi-ezagutzarako irudi mordoa, DNA erregistroak, hatz-markak eta bestelako informazioa barne hartuko ditu.

Kontrolerako mekanismoen erabilera handitzeaz gain, polizia-indarren arteko elkarlana mugaz gaindi areagotzea bilatzen du araudi berriak. Europar Batasuneko poliziek erabilgarri izango dute "sistema nagusi bat", konektatuta egongo dena "sistema nazional" bakoitzarekin. Modu horretan, sarbidea izango dute Europar Batasun osoko milioika biztanleren aurpegi-irudietara eta bestelako informazio-baliabideetara. Ohartarazi dutenez, sekula izan den kontrol biometrikoko datu-baserik handiena izango da.

Polizia-indarren arteko kooperazioa, beraz, indartu egingo dute: jakinarazi dutenez, herrialde bateko agintaritzek eskumen aitortua izango dute beste herrialde bateko polizia-indarrei informazioa eskatzeko. Esaterako, beste herrialde bateko polizia-indarren sistemetara sarbidea edukiko dute.

Erreforma mahaira atera zutenean, hainbat kritika izan ziren, bai herritarren oinarrizko zenbait eskubide urratzen dituelako (norberaren intimitatearen babesa kasu), bai ez zuelako zehazten zein ikerketa motatan baliatu ahalko duen aipatutako datu-basea Poliziak. Ñabardura txiki baten berri baino ez dute eman, azken horri dagokionez: teorian, urtebetetik gorako zigorrak dakartzaten delituen ikerketetan erabili ahal izango dute datu-base erraldoia poliziek.

EZ DAGO IRUZKINIK