AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Etxe Zuria (X)
2025/04/10 10:33

Amerikako Estatu Batuetako presidente Donald Trump anabasa sortzen ari da mundu mailan, egun batetik bestera neurri berriak iragartzen baititu politika komertzialari dagokionez, sarri sare sozialen bidez eta modu nahasian. Herrialde batzuei eta besteei muga-zergak igotzen eta jaisten dizkie hainbat orduren buruan, kasu batzuetan AEBekiko erantzunak ere eraginez, eta kaosa da nagusi momentu honetan.

Azken iragarpenen arabera, Txinari %104raino igo dizkio muga-zergak Trumpen taldeak, baina 90 eguneko eten partzial bat ezarri die gainerako herrialdeei, kanpo- nahiz barne-presioek eraginda. "Etenaldi bat egingo dut [AEBek apirilaren 2an deklaratutako gerra komertzialean] erantzuteko neurririk hartu ez dutenentzat", zioen Trumpek atzo arratsaldean. Presidenteak jarrera hori justifikatu du esanez "jendea pixkat bat beldurtzen hasia" zela.

Dena den, Estatu Batuek beraiek abiatutako gerra komertzialaren eta herrialdeen arteko muga-zerga berrien ustezko "su-eten" horretan, Trumpek politika arantzelarioa bateratu eta %10eko tasa orokor bat mantenduko du herrialde gehienentzat, tirabiran aritu diren Mexikorentzat eta Kanadarentzat barne. Eta, horretaz gain, automobilei, altzairuari edo aluminioari martxoan ezarritako %25eko kargei eutsiko die. Neurri horiekin soilik, AEBek azken mendean izandako jarrerarik protekzionistena izango litzateke dagoeneko.

Txinaren aurkako igoera mantenduko dute AEBek

Txina da salbuespena oraingoz, bere aurkako neurriak indarrean mantenduko baitituzte AEBek. Horretarako, argudiatu dute Txinak "errepresaliak hartu" dituela Trumpen mugimenduen aurrean. Estatu Batuen azken neurriei erantzunez, Txinak atzo bertan jakinarazi zuen %34tik %84raino igoko dizkiela muga-zergak AEBetatik inportatutako produktuei. Gaur sartuko da indarrean tasa berria. Bestalde, esportazioen kontrolerako zerrendan gehitu ditu AEBetako hamabi konpainia; adibidez BRINC (droneak), Novotech (aeronautika) edo Echodyne (radarrak). Eta, gainera, "enpresa ez fidagarrien" zerrendan seinalatu ditu AEBetako sei talde, tartean, ekipo militarren hornitzaile batzuk.

Europar Batasuna, akordio baten alde

Atzo arratsaldean, hasieran, argitaratu zen Europar Batasunak adostu zuela AEBei muga-zergak areagotzea (handik inportatutako 1.600 bat produkturi %25eko tasak ezartzea zehazki), Trumpen hordagoari erantzuteko. Handik gutxira AEBek 90 eguneko eten partzialaren berri eman zutenean, baina, poza erakutsi zuen Europar Batasunak: aurrez proposatutako aukera bati heldu dio berriz, aditzera emanez AEBen eta Europar Batasunaren arteko muga-zergak hutsean mantentzearen alde ("zero-zero") egingo duela, industrian behintzat (automobilgintza, makineria eta produktu kimikoak tartean). Europako Batzordeko presidente Ursula Von Der Leyenek, gaur, nabarmendu du "negoziazio eraikitzaile" batzuk bilatzen dituela.

EZ DAGO IRUZKINIK