Ekida Arte Ekimen Sozialistak aurtengo urtarrilean estreinatu zuen bere azken lana, Plaza hau gurea da. Oñatiko (Gipuzkoa) Guda Zelaia jardunaldian aurkeztu zuen ekoitzi duen bigarren antzezlana, eta, ordutik, Euskal Herriko hainbat herritan izan da hura ikusteko aukera: Zumaiako (Gipuzkoa) Etxape Zentro Sozialistaren urteurrenean, Bilboko (Bizkaia) Aresti Zentro Sozialistan, Urretxuko (Gipuzkoa) Labeaga aretoan, Elorrioko (Bizkaia) plazako frontoian...
Aurreko ostegunean, Donostiako (Gipuzkoa) Blas de Otero plazan izan zen antzezlanaren emanaldi bat, Gipuzkoako hiriburuko Zentro Sozialistaren urteurrenaren barruan. Larunbatean, berriz, Villatuertan (Nafarroa) eskaini zuten lana Ekidako kideek.
Datozen asteetarako emanaldi gehiago antolatu dituzte, eta hitzorduen berri eman dute jada. Ermuan (Bizkaia) izango da saio bat maiatzaren 4an, Gasteizen (Araba) maiatzaren 9an, eta Iruñean (Nafarroa) maiatzaren 24an. Bere sare sozialen bidez jakinaraziko ditu emanaldien ordu eta leku zehatzak Ekidak.