AKTUALITATEA / Arrazakeria
Pintaketa arrazistak egin dituzte Irungo Adiskidetuak elkartean
Pertsona migranteei aholkularitza ematen diete bulegoan, eta hiru margoketa agertu ziren atzo goizean.
2025eko otsailaren 26
Pintaketa arrazistak egin dituzte Irungo Adiskidetuak elkartean
— ARGAZKIA EITB

Adiskidetuak elkarteko kideek hiru pintaketarekin egin zuten topo atzo goizean, asteartean, Irunen (Gipuzkoa) duten bulegoan. Honela zioten margoketa arrazistek: "Immigrazioa stop" ("Stop inmigración") eta "Mairuak kanpora" ("Fuera moros"). Elkarteak azaldu du halako mezuak azaldu diren aurreneko aldia dela euren kasuan.

Uranzu kalean duten lokaleko hormetan eta Palmera Montero eraikineko paretetan agertu dira margoketak, eraikin horretako bigarren solairua ere erabiltzen baitu Adiskidetuak elkarteak. Besteak beste, askotariko aholkularitza juridikoa eta lan-arloari lotutako laguntza ematen diete pertsona migranteei. Eusko Jaurlaritzaren Aholku sarearen parte da Irungo zerbitzua.