Europako Parlamentuak udaberrian onartu zuen Migrazioari eta Asiloari buruzko Ituna, migrazio-politikak gogortuz eta hainbat tokitatik immigratzea zailduz. Orain, badirudi araudi berri horretara egokituko dela Espainiako Gobernua ere, Bruselak markatutako irizpideak bere egiteko. Itunak zehaztutako bide-orriaren parte da, hain zuzen ere, pertsona immigranteen asilo-eskaerak ebazteko prozedura arintzea, baina inola ere ez immigrazioa errazteko. Kontrara, Europar Batasunak are gehiago mugatu nahi du asiloa eska dezaketen lagunen kopurua, eta agintaritzek eskaera ukatuz gero, bizkorrago deportatu nahi dituzte eskatzaileak.
Espainiako Gobernua jadanik prestatzen ari da Europar Batasunaren itunera gehiago hurbilduko den araudi berri bat, asiloari dagokionez nagusiki. El País-en arabera, 2009ko legeria ordezkatuko du erreformak, eta badirudi asilo-eskaerei buruzko ebazpenak azkartzea izango duela oinarri: gehienez hamabi asteraino luzatuko omen da tramitea mugetan, eta sei hilabeteraino estatuaren mugen barruan. Asilo-eskaerak izapidetu bitartean, gainera, paraleloki jarriko dituzte martxan deportazio-tramiteak. Hala, ebazpena ezezkoa bada, ahal bezain bizkorren deportatuko dituzte eskatzaileak agintaritzek.
Migrazioari buruzko politika eguneratuen artean, "herrialde seguruei" buruzko definizioa da zalantza gehien sortzen dituztenetako bat. Izan ere, pertsona immigrante baten jatorrizko herrialdea "segurutzat" jotzen bada, posible da hura zuzenean kanporatzea, kasu zehatza aztertu gabe. Maroko, adibidez, herrialde segurutzat hartzen da.
Espainiako Estatuan asilo-eskubidea gero eta gehiago murriztuko dutela ohartarazi dute dagoeneko hainbat kolektibok. Espainiako Barne Ministerioak aurkakoa saldu nahi izan du, esanez legeria berriak ez duela "atzera egiten berme juridikoei eta eskubideei dagokienez". Ikusteke dago zer jarrera hartuko duten Espainiako Diputatuen Kongresuan, auzia lantzean.