Zallan (Bizkaia) izandako tragedia larri baten berri eman du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: duela egun batzuk, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak bertan duen bulegoan galdu zuen bizia pertsona batek, bihotzekoa jasan ostean. Gizonezkoa bulegora bertaratu zen Lanbidek lan-ikastaro batzuetan parte hartzera behartu nahi zuelako, izan ere, pairatzen zituen osasun-arazo larriak zirela eta, horretarako ezintasuna zuen.
Hori erakusten duten mediku-txostenak aurkeztu zituen gizonak, baina ez zuten kontuan hartu administraziokoek, sindikatuaren esanetan. Kontrara, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kentzearekin egin zioten mehatxu. Handik gutxira izan zuen bihotzekoa adin ertaineko gizonezkoak, Lanbideren bulegoan bertan.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, hildako pertsonaren gertukoei babes osoa emateaz gain, salatu du Lanbidek halako diru-laguntzak jasotzen dituztenei egiten dien "presioaren ondorio zuzena" dela Zallan izandako heriotza. "Muturreko adibidetzat" jo du bertan gertatutakoa, baina, ohartarazi duenez, horrek erakusten du "zein tratu jasaten duten askok Lanbideren aldetik, gero eta neurri mugatzaileagoak eta errepresiboagoak hartzen ari baita pertsona zaurgarrienekin".
Gero eta baldintza eta kontrol gogorragoak
"Pobrezia eta horri lotutako ziurgabetasuna etengabe areagotzeari, Eusko Jaurlaritza aplikatzen ari den murrizketak eta erreformak gehitu behar zaizkio", sindikatuak gogorarazi duenez. Horren ondorioz, esaterako, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta bezalako laguntzak jasotzeko "baldintza zorrotzagoak eta esku-hartze handiagoa" ezartzen ari da gobernua, "ahulenak prestaziotik kanpo utziz".
Eta, horri lotuta, prestazio-sistema "tresna errepresiboz hornitzen" jarraitzen du; hala nola, laguntzak jasotzen dituzten biztanleei Ertzaintzak etxean egiten dizkien miaketak eta kontrolak, zigorren eta isunen areagotzea, Lanbideren kontrolpeko polizia-indarraren sorrera eta abar.
Burokrazia: indarkeria
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak garbi seinalatu du bi funtzio nagusi betetzen dituela gobernuek eta Lanbide bezalako instituzioek ezartzen duten burokraziak: "pertsona jakin batzuk prestaziotik kanporatzea" eta laguntza hori "jaso dutenekiko diziplina-neurri gisa erabiltzea". "Burokraziak ezartzen dituen betebeharrak indarkeria dira, eta susmo okerrez artatzen ditu pertsona kalteberak; kriminalizatu eta zapaldu egiten ditu", gaineratu du.
"Ez dugu onartzen errezeta hau, pobrezia errepresioarekin eta desberdintasuna bazterketarekin borrokatzen baititu. Errezeta honek langileentzako egoera okertu eta indarkeria handiagoko egoerak ekarriko ditu, Zallan ikusi duguna bezalakoak", diote sindikatuko kideek. Borrokan jarraitzeko konpromisoa azaldu dute, "kalitatezko bizi-baldintzetarako sarbide unibertsalaren alde".