AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: elespanol.com
2021/11/16 08:41

Atzo jakinarazi zutenez, 46 urteko gizon bat atxilotu zuten Iruñean (Nafarroa) aurreko ostiralean, Consuelo Ordoñez Coviteko (Colectivo de Victimas del Terrorismo) buruak haren aurka jarritako salaketa baten harira. Ordoñezek salatu du, hain justu, gizon horrek bere kontra egin zuela joan den azaroaren 10ean, Iruñeko Alde Zaharrean.

Covitek antolatutako ekimen bat zela-eta bertaratu zen Ordoñez Iruñera, eta esan duenez, iluntzean Alde Zaharreko taberna batera joan zen lagun batekin. Coviteko buruaren bertsioaren arabera, orduan jo zuen beregana gizonak, eta "zer nazka ematen dizazun" bezalako esaldiak bota zizkion. "Bere integritate fisikoa" arriskuan zegoela sentitu zuela ere esan du Ordoñezek.

Salaketa aurkeztu zuenean, lekukoekin hitz egin zuen Espainiako Poliziak, eta "gertatutakoaren irudiak" ere ikusi zituzten. Modu horretan identifikatu zuten Ordoñezek salatutako gizona, eta joan den ostiralean atzeman zuten.

Gatibu egin behar izan zuen gaua atxilotuak, eta larunbatean igaro zen epailearen aurretik. Aske utzi zuen hark, baina karguekin: "gorroto delitua" egitea egozten diote, "terrorismoaren biktimaren larrigarriarekin".

EZ DAGO IRUZKINIK