AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @oi_tsr
2019/12/19 18:11

Joan den irailean iragarri zuen pentsioen erreforma Frantziako Gobernuak. Balizko neurri horren bidez, lan-bizitzaren luzatzea, pentsioen jaitsiera eta pentsioen pribatizazioa bultzatu nahi ditu gobernuak, Nazioarteko Diru Funtsaren eta Europar Batasunaren politikei jarraiki.

Erreformaren berri eman zenetik, etengabeak izan dira langileen mobilizazioak Frantziako Estatuan, eta azken asteotan, ugariak izan dira kaleko mobilizazioak, lanuzteak, edota trafikoen eteteak. Gaur, abenduak 19, joan den irailaz geroztik egin duten bosgarren greba eguna izan da. Bestalde, trenbideetako langileek, abenduaren 5ean hasitako greba mugagabearekin jarraitzen dute. 

Gaur, goizetik, langileek Baionako (Lapurdi) Chronoplus enpresako sarrerak itxi dituzte suzko barrikadekin. Autobusak gelditzeaz gain, Biarritzeko (Lapurdi) aireportuan hegaldiak bertan behera geratzea lortu dute grebalariek, eta tren zerbitzu gehienek, ibilbide luzekoek zein aldirietakoek, ez dute martxan jartzerik izan. Protesten harira, trenbideetako langile eta sindikalista bat atxilotu dute Baionan.

Manifestazio jendetsua egin dute gero Baionako karriketan, eta ikasleek ere parte hartu dute. Aurretik, goizean goiz, Baionako Cassin lizeoa blokeatu dute ikasleek. Ondoko asteetan mobilizazioekin jarraitzea aurreikusi dute.