AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Euronews
2024/12/13 10:22

NATOko idazkari nagusi Mark Ruttek atzo proposatu zuen herrialde kideek "defentsan" egindako inbertsioa are gehiago handitzea, eta pentsioetara edo gizarte-segurantzara bideratutako funtsak erabiltzea armamentua finantzatzeko eta azpiegitura militarra hobetzeko. Ruttek bere hitzaldian nabarmendu zuenez, Europako herrialdeek Barne Produktu Gordinaren (BPG) zati handi bat gizarte-ongizateko sistemetan inbertitzen dute, eta baliabide horien zati bat NATO osatzen duen "blokearen segurtasunera bideratu beharko litzatekeela" esan zuen. Bere hitzetan, "betebeharra da defentsan inbertitzea, gure segurtasunean inbertitzea baita".

Bruselan hitza hartzean, NATOko buruak gogorarazi zuen Gerra Hotzean BPGaren %3 baino gehiago gastatzen zutela defentsan Europako herrialdeek, eta horrek "garai horretan garaipena lortzen lagundu" zuela. Hala ere, gastuak nabarmen egin omen du behera Berlingo harresia erori zenetik, "mehatxu globalek gora egin duten bitartean". Ruttek azpimarratu zuen, batez beste, Europako estatuek beren errenta nazionalaren laurdena gastatzen dutela pentsioetan, osasunean eta gizarte-segurantzako sistemetan, eta "funts horien zati txiki bat blokearen defentsak indartzeko birbideratzea" proposatu zuen.

"Armen ekoizpena bizkortzeko premia" ere aipatu zuen idazkari nagusiak, Errusia eta Txina gaitasun militarretan azkar aurrera egiten ari direla aipatuz. Izan ere, Rutteren esanetan, "Europaren eta Ipar Amerikaren segurtasuna arriskuan jartzen" du horrek. Bere arabera, "defentsa ez da aukerakoa, funtsezkoa baizik, gure askatasuna eta bizimodua babesteko". Horretarako, "berehalako ekintzarako" deia egin zuen, eta inbertsioak bermatzeko "herritarren eta gobernuen babesa" eskatu zuen.

EZ DAGO IRUZKINIK