Parke eolikoak jartzeko proiektuen ugaritzea nabarmena izan da azken urtean Hego Euskal Herrian. Nafarroako erdialdean eta hegoaldean proiektu ugari egin dira azken 25 urteetan eta, hala, 60 parke eoliko baino gehiago dago gaur egun: Erreniagan, Leitzan, San Martin Unxen eta Lergan, besteak beste. Osotara 1.089 megawatteko potentzia dute.
Hala eta guztiz ere, estandar berriak zabaldu dituzte energia eolikoaren sektorean, eta duela 20 urteko errotek 40 metroko altuera zuten arren, 200 metroko altuerakoak eraikitzen ari dira orain. Antza denez, Nafarroako parke eolikoak zahartzen ari dira, eta estandar berriei erreparatuta, txiki geratu. Errota zaharrak eraisteko eta 200 metrotik gorako erraldoiak eraikitzeko proiektuak aurkezten hasi dira, beraz, parke eoliko berriak egiteko asmoei lotuta.
Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, lau parke eoliko besterik ez dira eraiki oraingoz: Badaian (Araba); Oizen (Bizkaia); Elgea-Urkilla, Oñati eta Aretxabaleta artean (Gipuzkoa), eta Bilboko (Bizkaia) portuan. Osotara 143,25 megawatt sortzeko gaitasuna dute horiek.
Egoera, ordea, aldatzen ari da: hamaika proiektu berri atera dituzte mahaira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat txokotan. Hori dela eta, Sustrai Erakuntzako eta Sañu Bizirik, Kastillo Bizirik eta Malerreka Bizirik plataformetako kideekin izan da GEDAR LANGILE KAZETA, proiektu horiei buruz eta energia eolikoaren ondorioei buruz hitz egiteko.
Parke eolikoen ugaritzea, adostasun gorabeheratsuen ondorio
Mikel Saralegik, Sustrai Erakuntzako kideak, aerosorgailuen proiektuen ugaritzea nazioarteko adostasun "gorabeheratsu" baten baitan kokatzen du: enpresek eta estatuek hondamendi klimatikoari aurre egitea beharrezkoa dela esan dute, eta horretarako deskarbonizazio-prozesua abiatzea ezinbestekotzat jo dute. Arrazoiketa horretan, Saralegik kritikatzen duenez, kezka "sozioekologikoak gutxienekoak dira" eta, aldiz, "ingurumenaren degradazioa eta muga biofisikoa gainditzeak irabazi-tasa eragitea" da auzi nagusia. Horrela, "krisi ekologikora ekarri gaituen metaketa- eta kontsumo-sistema kolokan jarri gabe" eta "energia-krisi" baten barruan, "Kapitalak hazkunde baxuko ekonomia berpizteko beharra daukala" identifikatzen du Saralegik.
Arazo horri erantzuteko asmoz, "Europako bloke politiko, ekonomiko eta militarrak" Itun Berdea deritzona aukeratu du "aldaketa klimatikoari aurre egiteko eta irabazi-tasari eusteko". Hala, besteak beste, energia berriztagarriak zabaltzea erabaki dute Europako enpresek eta instituzioek, eta horretarako "baliabide ekonomiko itzelak" mahaigaineratu dituzte, trantsizio energetikoa delakoa "korporazio energetiko handiek" egin dezaten, Saralegiren esanetan.
Energia berriztagarriak zabaltzea erabaki dute Europako enpresek eta instituzioek, eta horretarako "baliabide ekonomiko itzelak" mahaigaineratu dituzte, trantsizio energetikoa delakoa "korporazio energetiko handiek" egin dezaten
Iberdrola, Statkraft, Siemens, Green Capital, Repsol, Acciona eta beste hainbat enpresa dira parke eolikoen eta azpiegitura energetikoen atzean daudenak. Saralegiren arabera, estatuen diru-laguntzek merkatu energetikoaren lehia sustatzen dute, eta ez dago ez planifikazio energetikorik, ez eta "oinarrizko baliabideen eta energiaren jabetza auzitan jartzeko" asmorik ere. Kontrara, korporazio batek ala besteak merkatu energetikoaren kontrola eskuratzea dago jokoan.
Parisko Hitzarmena energia-sektoreko giltzarria da Europan
Irabazi-tasari eusteko akordio baten beharra nabarmendu da azken hamarkadan, energia-krisiari helduko liokeena. Hain zuzen ere, Parisko Hitzarmena 2015ean Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Klima Aldaketari buruzko Konferentzian adostu zuten 175 herrialdek, eta helburu zehatz bat ezarri: planetaren batez besteko tenperaturaren igoera 2ºC-tik urrun mantentzea, eta, ahal zen heinean, 1,5ºC-ra mugatzea. Akordio horrekin, hiru helburu nagusi ezarri ditu Europar Batasunak (EB) datozen hamarkadetarako.
2030ean berotegi-efektuko gasen isuriak %55 murriztea (1990. urtearekin alderatuta), energiaren kontsumoa %11,7 txikitzea eta, azkenik, energia berriztagarriek argindarraren %45 ekoiztea da lehen helburua. Bigarrenik, 2040. urterako, berotegi-efektuko gasen isuriak %90 murriztea da xedea, eta, hirugarrenik, 2050. urterako, "klima-neutralitatea" lortzea. Saralegik azaltzen duenez, atmosferara bidaltzen den CO2 kopurua eta planetak xurgatzen duena berdintzea litzateke asmoa.
Hainbat dira helburu horiek [Parisko Hitzarmena] lortzeko EBk zehaztu dituen neurriak. Horien artean dago Fit for 55 entzutetsua, [...] langileen bizi-baldintzei eta ekonomia-sektoreei eragiten diena. [...] bidesariak ordaintzea, etxeak berotzeko erregaiak garestitzea edota ibilgailu zaharrak debekatzea dira barne hartzen dituen neurriak
Hainbat dira helburu horiek lortzeko EBk zehaztu dituen neurriak. Horien artean dago Fit for 55 entzutetsua, Saralegik ohartarazi duenez, langileen bizi-baldintzei eta ekonomia-sektoreei eragiten diena. Isuriak %55 txikitzea du helburutzat politika horrek, eta bidesariak ordaintzea, etxeak berotzeko erregaiak garestitzea edota ibilgailu zaharrak debekatzea dira barne hartzen dituen neurriak, besteak beste. Bestalde, energia-kontsumoa murriztea (berogailuak eta hozte-sistemak aldatuz) edota garraioaren isuriak txikitzea ere jotzen ditu xedetzat, ibilgailu elektriko pribatuak bultzatuz.
Energia berriztagarriak sustatzea ere bada markatu duten asmo garrantzitsuetako bat. [...] bete dadin, hidrogeno "berdea" ekoiztea beharrezkoa litzateke, [...] baina energia-iturri horren desabantailak jopuntuan jarri dituzte askok; besteak beste, hidrogenoaren gas-ihesek berotegi-efektua handi dezaketelako
Energiaren sektoreari dagokionez, energia berriztagarriak sustatzea ere bada markatu duten asmo garrantzitsuetako bat. Europan kontsumitzen den energiaren %20 inguru berriztagarriak dira, eta EBk ehuneko hori bikoiztu nahi du: 2030. urterako, kontsumitzen den energiaren %45 berriztagarria izan dadin bilatzen du. Hala ere, ziurgabetasunez beteriko helburu bat da hori, Saralegiren ustetan. Izan ere, bete dadin, hidrogeno "berdea" ekoiztea beharrezkoa litzateke, altzairugintza, metalgintza eta beste hainbat sektore hornituko lituzkeena. EBk 5.200 milioi euroko dirulaguntzak onartu ditu energia mota hori garatu ahal izateko, baina energia-iturri horren desabantailak jopuntuan jarri dituzte askok; besteak beste, hidrogenoaren gas-ihesek berotegi-efektua handi dezaketelako.
Next Generation funtsek "trantsizioa" finantzatuko dute
EBk Next Generation funtsak ditu martxan, arestian aipatutako helburuak gauzatzeko. Saralegik seinalatzen duenez, inbertsio publiko gisa aurkezten dituzte funts horiek, baina esku pribatuetara bideratzen dituzte gero, zuzen-zuzenean. COVID-19aren pandemiaren testuinguruan onartu zituzten funtsak, 2020ko uztailean. Arku parlamentarioko alderdi gehienek aho batez babestu zituzten (Espainiako Estatuan PSOEk, EAJk, Podemosek eta EH Bilduk), nahiz eta enpresa-sektoreak berregituratzea eta Europa AEBen eta Txinaren arteko lehian hirugarren polo bihurtzea bilatzen duen. Baina berreskuratze-funts horien ifrentzua hamaika erreforma dira; lan-baldintzak okertu, malgutasuna sustatu eta zerbitzu publikoak murriztuko baitituzte, aurreikusi daitekeenez.
Espainiako Estatuari dagokionez, 140.000 milioi euro jasoko ditu funts horien bitartez, baina erdia mailegua dira. Horrela, "estatuetako politika ekonomiko eta soziala kontrolpean" izatea lortzen du EBk, Saralegik dioenez. Finean, funtsak jasotzearen truke, hainbat erreforma bultzatuko dituzte, beharginen bizi-baldintzak okertuko dituztenak. Milaka milioi euro jaso ditu Espainiako Estatuak, baina, Saralegik salatzen duenez, funtsak enpresa gutxi batzuek eskuratzen dituzte, maiz "proiektuen bideragarritasunik izan gabe" eta "burbuila espekulatiboak" sortuz.
[Next Generation] funtsak jasotzearen truke, hainbat erreforma bultzatuko dituzte, beharginen bizi-baldintzak okertuko dituztenak. Milaka milioi euro jaso ditu Espainiako Estatuak, baina [...] funtsak enpresa gutxi batzuek eskuratzen dituzte
Zentzu horretan, OMAL erakundean aurkeztutako txostena argigarria da, Saralegiren hitzetan: "funtsen onuradun nagusiak multinazionalak dira; ibilgailu pribatuak, aeronautika, armagintza eta zalantza handiak sortzen dituzten teknologiak (hidrogenoa eta erregai sintetikoak) bultzatzen dituztenak", bai eta "enpresa energetikoak, agroindustria eta osasungitza hiperteknologikoa ere". Besteak beste, Hego Euskal Herrian, Volkswagenek 27,04 milioi euro jaso ditu, Gestampek 8 milioi, Mobis Automotivek 12,8 milioi, Accionak beste 15 milioi, eta Tuterako (Nafarroa) Montes de Cierzok 2,2 milioi.
Horrela, inbertsio publiko itzelak daude parke eolikoen eta fotoboltaikoen atzean, bai eta horiek hornitzeko beharrezkoak diren proiektuen atzean ere. Izan ere, "azpiegitura materialaren eta espazialaren eraldaketa sakona" bultzatzen ari dira; "autopista elektriko zabalak, bateria erraldoiak, hidrogenoa ekoizteko elektrolizadoreak, ibilgailu elektrikoak" eta abar luze bat eraikitzen ari baitira.
Hego Euskal Herrian, Volkswagenek 27,04 milioi euro jaso ditu, Gestampek 8 milioi, Mobis Automotivek 12,8 milioi, Accionak beste 15 milioi, eta Tuterako Montes de Cierzok 2,2 milioi. [...] inbertsio publiko itzelak daude parke eolikoen eta fotoboltaikoen atzean, bai eta horiek hornitzeko beharrezkoak diren proiektuen atzean ere
Hego Euskal Herrian eraiki nahi dituzten hiru parke eoliko zehatzen inguruan aritu gara Kastillo Bizirik, Malerreka Bizirik eta Sañu Bizirik plataformekin, eta horien nondik norakoak azaldu dizkigute.
Kastilloko parke eolikoa ezkutuan tramitatu dute
Kastilloko parke eolikoak hiru udalerriri eragingo lieke: Legution (Araba), Ubiden (Bizkaia) eta Otxandion (Bizkaia) kokatu nahi dute. Zehazki, lau aerosorgailuk osatuko lukete parkea (Motxotegi, Esnauritzagana eta Aioagana mendietan), Ubidetik gertu jarri nahi duten 121 metroko dorre metereologikoarekin batera. Beraz, 164.400 m2 hartuko lituzke eraikuntzak eta, horretarako, 250.000 m2 lur mugituko lituzketela aurreikusten dute Kastillo Bizirikeko kideek.
Aerosorgailuek 120 metroko altuera izango lukete oinarritik errotaraino, baina 80 metroko hiru gurutze gehitu beharko litzaizkioke horri; osotara, 200 metroko altuerara irits daiteke errota bakoitza. Hormigoizko plataforma zabal bat beharko luke bakoitzak, gainera (85x25 metro).
Eskualdeko etxebizitzetatik 150 metrora egongo lirateke errotak, zaratatsuak izan arren. Akuiferoei eta inguruko ur-biltegiei lurzoru kutsatuek eragin ahal die, eta Elosun (Araba), zehazki, interes berezikoak diren flora- eta fauna-habitat ugari suntsitzea ekarriko luke proiektuak, bai eta "lubakiei eta Gerra Zibilari lotutako eremuei" eragitea ere.
Plauri Energy enpresak 2022an jakinarazi zien aipatutako hiru udalei parke eolikoa eraiki nahi zuela. Udalek, baina, ez zuten horren berri eman. Ubideko Udalean Herri Kandidaturak du alkatetza, EH Bilduk Otxandion eta Legution, berriz, EAJk. Kastillo Bizirik plataformaren esanetan, 2024ko martxora arte ez zuten eman proiektuaren berri, alegia, asmoen berri izan eta bi urtera.
Plauri Energy enpresak 2022an jakinarazi zien Legutioko, Ubideko eta Otxandioko udalei [Kastilloko] parke eolikoa eraiki nahi zuela. Udalek, baina, ez zuten horren berri eman
Modu horretan, bi hilabeteko epea izan du Kastillo Bizirikek proiektua aztertzeko, ondorioak zabaltzeko, helegiteak egiteko eta sinadurak biltzeko. Legutioko Udalaren jarrera nabarmendu dute plataformako kideek: helegite bat jarri du udalak, baina, "proiektua galarazi" baino, txostenaren "puntu batzuk birformulatu" besterik ez du egin.
Epe motzean jardun behar izan du Kastillo Bizirikek, eta informazio oso mugatua izan du erakunde publikoen partetik. Bi urtez, proiektuak ezkutatu ez ezik, "herritarrak informatzeko prestutasunik ez dute izan" alderdi politikoek, eta, horretaz gain, sortutako desadostasunak "helburu alderdikoiekin" erabili dituzte: EAEko hauteskundeak izan baino lehen, esaterako, "ekologismoaren auziari heldu" eta elkarren artean "oposizio gisa" kritikatu zuten elkar, plataformak gogorarazi duenez. Salatu du, bestalde, Otxandioko Udalak plataforma "isilarazi eta gutxietsi" duela.
Capital Energy enpresa-taldearen parte da Plauri Energy. Gisa horretako bederatzi proiektu aurkeztu ditu talde horrek EAEn; hortaz, aerosorgailuen "sustatzailerik handiena" da gaur-gaurkoz. Besteak beste Aramaion (Araba), Legution (Araba), Eskoriatzan (Gipuzkoa) eta Leintz-Gatzagan (Gipuzkoa) sartu nahi du muturra, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) jakinarazi duenez.
Capital Energy enpresa-taldearen parte da Plauri Energy. Gisa horretako bederatzi proiektu aurkeztu ditu talde horrek EAEn; hortaz, aerosorgailuen "sustatzailerik handiena" da gaur-gaurkoz
Capital Energy eta Norvegiako Statkraft enpresaren arteko harremanaz ere ohartarazi du Kastillo Bizirikek. Aramaioko Itsaraz parke eolikoaren sustatzaile nagusia da bigarren hori, bai eta Azpeitiko (Gipuzkoa) Piaspe parkearena ere. Capital Energyk, antza, energia saltzen dio Statkrafti, eta bost kontratu sinatu dituzte jada.
Malerrekako parke eolikoek ingurugiroaren txikizioa ekarriko dute
Malerrekako (Nafarroa) eskualdean hiru proiektu aurkeztu dituzte oraingoz: Azkuakoa (Sunbilla, Etxalar, Igantzi eta Arantza artean), Irakurrikoa (Ezkuirra, Eratsun, Saldias eta Beintza-Labaien inguruan) eta Galardi eta Arburukoa (Ituren eta Zubieta artean). Azken proiektua, ordea, berehala geratu zen bertan behera.
Martxan jarraitzen duten bi proiektuak Zelena Renovables enpresak atera ditu mahaira, eta 50 megawatteko gaitasuna izango luke parke bakoitzak. Ez dago argi zenbat aerosorgailu izango liratekeen, ez eta zer tamainatakoak. Baina, energia ekoizteko gaitasunari erreparatuz, eta azkenaldiko "haize-errota altuak paratzeko joera" ikusita, enpresak parke bakoitzean zortzi eta hamar errota artean instalatzeko asmoa izan dezakeela ondorioztatzen du Mikel Saralegik, Sustrai Erakuntzako kideak.
[Malerreka Bizirik plataformak] Nabarmendu du enpresek aberasten segitzeko besterik ez dituztela halako proiektuak egiten, eta ez dutela deus "berdetik eta ekologikotik"
Itxura denez, 200 metroko altuerako 11 aerosorgailu instalatzeko asmoa du Zelena Renovablesek, eta bailaran "6 eta 8 metro arteko pistak" egin beharko liratekeela salatu zuten Malerreka Bizirik plataformako kideek, maiatzaren 17an eginiko prentsaurrekoan. Hori ez ezik, eta Kastillo Bizirikek argitu bezala, porlanezko zapak edo oinarri erraldoiak jarri beharko lituzkete. Malerreka Bizirikek dio ingurugiroaren "txikizioa" ekarriko luketeela proiektuek. Nabarmendu du, gainera, enpresek aberasten segitzeko besterik ez dituztela halako proiektuak egiten, eta ez dutela deus "berdetik eta ekologikotik".
Sañuko parke eolikoa, "ezinbestekoa" instituzioen begietara
Bi proiektu aurkeztu dituzte orain arte Urola Erdian (Gipuzkoa): Zumarraga, Azpeitia, Azkoitia eta Oleta-Izazpi inguruan lehena, Buruzai izenekoa; eta Zestoa, Errezil eta Azpeitia arteko eremuetan bigarrena, Piaspe izenekoa. Buruzai proiektua Green Capital Power enpresak proposatu du, eta Piaspe proiektua, berriz, Statkraft enpresa publiko norvegiarraren esku dago.
Duela bi urte aurkeztu zuen Piaspe proiektua Statkraftek. Eusko Jaurlaritzak eman zuen proiektuaren berri, eta ez Azpeitiko Udalak, Zestoakoak edo Errezilgoak (EH Bilduk dauka alkatetza denetan). Sañu Bizirik plataformak dioenez, eztabaida handia sortu du proiektuak. Eztabaida "argitzeko asmoz edo aitzakia horrekin", Statkraft enpresa gonbidatu zuen Azpeitira bertako udalak, herri-bilkura batean parte har zezan. Baina parke eolikoa jartzeko "beharra" justifikatu besterik ez zuen egin. Bi urte igaro dira ordutik, eta helegiteetarako epea amaitu da. Momentuz, ordea, ez dute horien edukiaren berri izan.
Eusko Jaurlaritzak eman zuen proiektuaren berri, eta ez Azpeitiko Udalak, Zestoakoak edo Errezilgoak [...]. EH Bilduk "trantsizio ekosozialerako" energia berriztagarrien proiektuak "ezinbestekoak" direla adierazi du, eta ez du erakutsi proiektu horiekiko kontrakotasunik
Oro har, aipatutako hiru udaletako alkateen adierazpenek ez dute erakutsi "mendiak babesteko konpromezurik", plataformako kideek gaitzetsi dutenez. EH Bilduk "trantsizio ekosozialerako" energia berriztagarrien proiektuak "ezinbestekoak" direla adierazi du, eta ez du erakutsi proiektu horiekiko kontrakotasunik: "batetik, ingurumenaren inpaktuaren adierazpenez erabakitzeko orduan Eusko Jaurlaritzak azken hitza izango duela" esan du, "erantzukizuna haien eskuetara igarota"; eta, bestetik, lurralde-antolaketako arauak proiektuen mesederako aldatzeko prest azaldu da.
Sañu Bizirikek argitu du Piaspe proiektua eraikitzeak "erabat desitxuratuko" lituzkeela Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako auzoak, eta, hori ez ezik, inguruko baserrietako bizilagunak kaltetuko lituzkeela. Malerreka Bizirikek bere eskualdean seinalatu bezala, aerosorgailu erraldoi horiek eraikitzeko, bide zabalak egin behar dira mendian. Horiek, errotekin batera, "hiru abeltzaintza-proiektu, baserri-atariak eta ebakuazio-lerroak" kaltetuko lituzkete Urola Erdian.
Sañu Bizirikek argitu du Piaspe proiektua eraikitzeak "erabat desitxuratuko" lituzkeela Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako auzoak
Horrekin batera, errotek "balio handiko nekazaritza-lurrak" kaltetuko lituzkete, eta arriskuan dago Akoa bailara, besteak beste. Mendigainaren suntsiketa ere nabarmena izan daitekeela iritzi diote bertako kideek, eta hegazti-fauna bereziki kaltetuko lukeela. 205 metroko bost aerosorgailuek Arauntza, Sañu eta Etumeta eremuetan izango lukete eragina, eta horiexek dira babestuta eta desagertzeko arriskuan dauden hainbat espezieren bizitokia. "Istripuetarako oso kalteberak diren espezie horiengan" ondorio larriak izan ditzake proiektuak.
Elektrifikazioa ez da salbatzailea izango
Saralegik aipatu du, bestalde, askotan "saltzen" dela klima-aldaketaren arazoa konponduko dutela elektrifikazioak eta, horrekin, energia berriztagarriek eta hidrogeno berdeak. Auzia, ordea, "kontu tekniko huts bat" izatetik urrun, ekonomikoa eta soziala dela aldarrikatzen du. Uste du Kapitalaren logika ez dela "sistema energetiko fosilean oinarrituta dagoelako garatu", baizik eta "irabazi-tasa handitzean, baliabideak arpilatzean, mugarik gabe haztean, edo kapitalen zentralizazioan" oinarritu delako, besteak beste. Hortaz, logika hori gainditu ezean, "erregai fosila edo elektrikoa izan, Kapitalaren logikari segituz gero, planetaren bizitzak arriskuan jarraituko du".
"Erregai fosila edo elektrikoa izan, Kapitalaren logikari segituz gero, planetaren bizitzak arriskuan jarraituko du" [Mikel Saralegi, Sustrai Erakuntzako kidea]
Erregai fosilak neurriz erabiltzearen eta ahalik eta gehien ordezkatzearen alde egin beharra dagoela iritzi dio, baina gaur egungo erregai fosilen kontsumoa energia berriztagarrietatik eta hidrogenotik eratorritako energia elektrikoarekin ordezkatzea, bere esanetan, ezinezkoa da. Hori ez ezik, elektrifikazioak hainbat muga dituela oroitarazi du. Alde batetik, energia berriztagarrien ekoizpenak erregai fosilekiko menpekotasuna duelako, parke eoliko, fotoboltaiko eta bestelakoen eraikuntzak erregai fosilak exijitzen dituelako. Eta, bestetik, elektrifikazio-prozesuak, gauzatu nahi den "dimentsioan", materialen "krisi berriak sortuko dituelako"; hala nola "eskasia, gerrak, gatazkak eta abar".
Elektrifikazioak hainbat muga ditu [...]. Alde batetik, energia berriztagarrien ekoizpenak erregai fosilekiko menpekotasuna duelako, parke eoliko, fotoboltaiko eta bestelakoen eraikuntzak erregai fosilak exijitzen dituelako. Eta, bestetik, elektrifikazio-prozesuak, gauzatu nahi den "dimentsioan", materialen "krisi berriak sortuko dituelako"
Nazioarteko energia-kontsumoaren datuei erreparatuz gero, aditzera ematen dute elektrifikazioak huts egin duela: 2023an kontsumitu zen energia guztiaren %81,5 errregai fosilek ekoiztu zuten, aurreko urtean baino %0,4 gutxiago. Energiaren kontsumo osoak, baina, %2 egin zuen gora. Trantsizio energetikoa ez da gertatzen ari, eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundean (ELGA, gazteleraz OCDE) parte hartzen ez duten herrialdeak dira, nagusiki, erregai fosilen kontsumoaren hazkundea bultzatu dutenak.