AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Josu Urrutikoetxea.
2019/12/10 20:12

Fiskalaren eta estatu ordezkariaren irizpideari jarraituz, Parisko Kasazio Auzitegiak ere ez du onartu Josu Urrutikoetxea baldintzapean aske uztea. Dei Auzitegiak eskaria baztertu ondoren jo zuten goi instantzia horretara haren abokatuek, baina erantzun bera jaso dute, gaur Berria-k zabaldu duenez. Espetxean jarraitu beharko du, beraz, preso politiko bizkaitarrak.

Prozeduran akatsak argudiatu zituzten abokatuek lehen eskaria egitean, baita Urrutikoetxearen osasun egoera ere. Gaitz larria du Ugaoko preso politikoak, eta ebakuntza bat ere egin zioten udan. Argudio horiek ez zituzten aintzat hartu aparatu juridikoek, eta auzia aztertzeko saiorik egin gabe berretsi dute gaur erabakia, ohiko prozedura baten bidez.

Bi euroagindu eta bi estradizio eskaera

2002. urtean egin behar izan zuen ihes Urrutikoetxeak, eta aurtengo maiatzean atxilotu zuten Frantziako Estatuan, ospitale batera zihoala. Ekainaren 19an, Dei Auzitegiak baldintzapean libre uztea erabaki zuen, baina preso jarraitu zuen, Espainiako Estatuaren eskaera bat zela eta.

Zehazki, bi euroagindu eskaera eta beste bi estradizio eskaera ditu ebatzi zain. Espainiako Auzitegi Nazionalak egin zituen lehenengoak, "gizateriaren aurkako krimenak" egotzita eta "herriko tabernen auzia" euskarri hartuta. Estradizio eskaerak, berriz, Espainiako Gobernuarenak dira, Luis Herguetaren hilketari eta Zaragozako ekintza bati lotutakoak. Berria-ren arabera, Frantziako Estatuak aurreikusia du Urrutikoetxaren aurkako bi epaiketa egitea.