AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/07 21:07

Mundu osoan barrena milaka ikaslek egin bezala, Euskal Herrian ere atzo ekin zieten Palestinaren askatasunaren aldeko kanpaldiei unibertsitatean. Ikasle Abertzaleak antolakundeak deituta, atzo arratsaldean hasi zituzten kanpalekuak muntatzeko eta antolatzeko lanak, lau campusetan banatuta: Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) hiru campusetan, Ibaetan (Donostia, Gipuzkoa), Gasteizen (Araba) eta Leioan (Bizkaia); eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), Iruñean (Nafarroa).

Gaua kanpaldietan igaro dute ikasleek, eta IAk gaur jakinarazi du ekimenari jarraipena emateko beharra ikusi duela: "Bart gauean Israelgo Estatu genozidak Rafah gogorki bonbardatu zuen, milioi bat errefuxiatu palestinar bertan zeudela jakinik. Palestinan sarraskia orain ari da gertatzen, eta orain egin behar diogu Israelen genozidioari aurre".

Hala, goizean goizetik, martxan segitu dute Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko eta "Israelgo Estatu sionista desnormalizatzeko" kanpalekuek. Propaganda-lan nekaezinean aritzeaz gain, hainbat hitzaldi eta emanaldi izan dituzte egun osoan zehar. Besteak beste, Palestinako egoera ulertzeko gakoak landu dituzte campusetan egindako hitzaldietan.

Gaurko gaua ere unibertsitatean egingo dute gazteek, protesta-kanpaldietan. Iragarri dute, gainera, biharko ere hainbat ekimen antolatu dituztela jada: asanblada irekiak, hitzaldiak eta bestelako saioak egingo dituzte goizetik hasita.

"Ez dago ekidistantziarako tarterik"

Oraingoan ere argi eta garbi hitz egin dute IAko militanteek: "Irtenbide posibleak bi baino ez dira. Genozidioa eta palestinar guztiak euren lurretatik kanporatzea, edo Israelgo Estatua suntsitzea eta estatu palestinar aske, sozialista eta laiko bat eraikitzea; kultur-askatasunarekin eta errefuxiatuen itzulerarekin".

"Ez dago ekidistantziarako tarterik", salatu dute. Hala, "palestinar herriaren existitzeko eskubidea aldarrikatzea" bi baldintzarekin lotu dute halabeharrez: "sionismoari berea ukatzearekin" eta "palestinarren erresistentziarako eskubidea aldarrikatzearekin".

Hortaz, berriz seinalatu dituzte "Israel armatzen duten gobernuak, berau sostengatzen duten alderdi politiko konplizeak eta Israelekin kolaboratzen duten instituzioak". Horiek guztiak Palestinako genozidioaren erantzule direla nabarmendu du IAk.

EZ DAGO IRUZKINIK