AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Atzerritarrentzako Atxikitze Zentroa, Atenasko Amygdaleza auzoan. ARGAZKIA / AP
2024/05/22 11:30

Joan den maiatzaren 15etik, Atenasko Amygdaleza auzoan preso daude bederatzi pertsona, Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko protestetan parte hartzeagatik. Grezian atxilotu zituzten, eta Atzerritarrentzako Atxikitze-Zentro batean (CIE, gazteleraz) dituzte gatibu ordutik. Izan ere, ez dira greziarrak, eta deportatu egin nahi dituzte Greziako agintaritzek.

Galiziar bat, hiru frantses, bi alemaniar, bi italiar eta britainiar bat dira aurreko astean Grezian atxilotutako pertsonak. Haietako batek El Salto-ri adierazi dionez, "animalien gisan tratatzen" dituzte atxikitze-zentroan, eta militarren zein polizien esku daude bertan. Atxilotuetako bati botikak hartzea ere galarazi diote, nahiz eta jadanik zazpi egun daramatzaten gatibu.

28 atxilotu guztira

Atenasen atxilotu zituzten preso dauden bederatzi pertsonak, beste hemeretzi greziarrekin batera. Palestinarekin elkartasunez egin zuten protesta bat Zuzenbide Fakultatean, eta bertan atxiki zituzten. Atenasko Auzitegi Bakarrera eraman ostean, aske geratu ziren greziar jatorriko atxilotuak, baina, antza, epaiketaren esperoan geratu dira. Greziarrak ez diren bederatzi atxilotuak, baina, bereizi egin zituzten.

"Arriskutsutzat" joak eta deportatuak izateko arriskuan

"Atzerritar ez-desiragarrien" zerrendan (ESANA delakoa) sartu zituzten bederatziak, eta "arriskutsutzat" jo zituzten "ordena publikoarentzat eta segurtasun nazionalarentzat". Dena den, ez zieten interpreterik bermatu edota euren egoerari buruzko agiririk erakutsi. Abokatuek jakinarazi dutenez, gerora, aurreko asteburuan, euren egoera legalaren berri izan zuten: euren kontrako deportazio-aginduak igorri ditu Greziako Atzerritartasun Departamentuak.

El Salto-ren esanetan, pertsona horien atxiloketak eta deportazioak, "de facto", hainbat urraketa ekarriko dizkie euren kontrako prozesu penalari begira: esaterako, kendu egingo dizkiete prozesu horretarako "sarbidea", euren"presentzia fisikoa" ziurtatzeko aukera, eta defentsa bat izateko eskubidea.

EZ DAGO IRUZKINIK