AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / The Times of Israel
2025/01/31 11:15

Su-etenerako akordioaren barruan, 110 preso palestinar askatu dituzte Israelgo Estatuaren kartzeletatik. Espetxeetatik irtendako autobusak ostegun honetan iritsi dira Ramallahra (Zisjordania), eta jendetza bildu da bertan, ospakizun giroan. Hala ere, Palestinako erresistentziako hainbat fakziok salatu dituzte Israelgo Estatuak ezarritako segurtasun-neurri zorrotzak, poz-adierazpen handiak saihestea bilatzen zutenak. Askatutako palestinarren artean daude 30 adingabe, 15 urteko bi barne, eta horietatik 21 atzerrira deportatuko dituzte.

Bestalde, erresistentziaren zaintzapean zeuden zazpi preso (bi israeldar eta bost thailandiar) askatu zituzten Khan Younisen, hamabost hilabetez Gazan gatibu egon ondoren. Entrega hori eszena iskanbilatsuen erdian egin zen, ehunka pertsona bildu baitziren askatutako pertsonak zeramatzaten furgoneten inguruan. Zortzigarren preso bat ere entregatu zuen palestinar erresistentziak Jabalian. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren hitzetan, askapenaren irudiak "harrigarriak" dira, eta esan du "etorkizuneko askapenetan segurtasuna bermatzeko neurri gehigarriak" ezarriko dituztela sionistek.

Atzoko truke-prozesua atzeratu egin zen Khan Youniseko tentsioen ondorioz. Azkenean, hurrengo trukeetan preso israeldarren segurtasuna bermatzeko neurri batzuk hartu ondoren gauzatu zen trukea. Israelgo Estatuak azpimarratu duenez, "neurri handiagoak hartuko dira etorkizunean antzeko gertakariak saihesteko".

EZ DAGO IRUZKINIK