AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Yaroun, Libano hegoaldean. ARGAZKIA / The New York Times
2024/10/10 09:55

Bere makineria kriminala martxan mantentzen du Israelgo Estatuak, fronte batean baino gehiagotan. Palestinan, urtebeteko oldarraldiaren ostean, erasoekin jarraitzen du bai Gazako Zerrendan bai Zisjordanian. Palestinarren kanporatzea eta ospitaleen itxiera agindu dituzte sionistek Gazan, beste behin ere: egunak daramatzate Jabaliako errefuxiatuei erasotzen eta gutxienez 21 palestinar erail dituzte han; Salah al-Dingo babesleku bat bonbardatu dute eta Kamal Adwan ospitalea suntsitzeko mehatxua egin dute; Al-Bureij errefuxiatu-kanpalekuaren kontra jo dute, eta abar.

Gaza iparraldean 400.000 palestinar inguru daude harrapaturik une honetan, sionisten erasoen ondorioz nora jo ez dutela. Azken urtean, gutxienez 42.000 palestinar erail eta 100.000 inguru zauritu dituzte Gazan, eta 1.000 hil dituzte Zisjordanian.

Libanon ere, sionistek ia hilabete daramate aire bidezko eraso masiboekin, hegoaldean zein Beirut hiriburuan "bonbardaketa selektiboak" eginez. Muga ingurua erabat suntsituta uzten ari dira sionistak: berriki argitaratu dute nola dagoen Yaroun (albiste honetan txertaturiko irudian). Jadanik 2.200 dira azken erasoetan eraildako libanoarrak, eta 10.000 baino gehiago zaurituak. Azken orduetan soilik, ia 90 lagun zauritu eta 30 inguru hil dituzte; tartean, erreskate-lanetan ari ziren bost pertsona. Jadanik 87 dira Libanon hildako osasun-langileak, Nazio Batuen Erakundearen arabera.

Hori gutxi balitz, Sirian ere erasoekin jarraitzen du Israelgo Estatuak. Adibidez, Damasco hiriburua bonbardatu zuen astearte gauean, Mazzeh auzoko etxebizitza-eraikin bati erasoz eta gutxienez zazpi pertsona erailez. Eta, bart, Homs eta Hama hiriei eraso die, besteak beste auto-fabrika bat suntsituz.

Erresistentzia Libanon eta Palestinan

Entitate sionistari aurre egiteko lanean, Hezbollahk egindako hainbat eraso atera dira argitara azken egunetan. Libano hegoaldean sionisten kontra egiten ari den borroketan, gutxienez soldadu israeldar bat hil du bart; asteartean 100 suziri bota zituen "Israel" iparraldera; Labouneh inguruan militar sionistak sartzea ekidin du berriki, eta hainbat baja eragin ditu bertan. Gainera, bideo-sorta bat argitaratu du, sionistek Haifa inguruan dituzten hainbat azpiegitura estrategiko erakutsiz (base militarrak, komunikazio-zentroak eta abar) eta iradokiz Hezbollahk gaitasuna duela horiei eraso egiteko.

Bitartean, agintaritza sionistak jarraitzen du aldarrikatzen Hezbollahko buru ugari erail dituela jadanik. Bart, Beiruten egindako eraso handi batean, taldeko bi komandante hil dituela esan du.

Palestinako erresistentziak ere segitzen du, bitartean, sionistei eusten. Al-Qassam brigadek, esate baterako, badirudi sionisten zenbait tankeri egin dietela aurre Jabaliatik gertu, Gazako Zerrenda iparraldean.

Antza denez, indar sionisten ahulezia-une bat ere atera da argitara oraintsu. Badirudi 130 soldadu inguruk esan dutela ez daudela prest Gazan borrokan jarraitzeko, uste dutelako "heriotza-sententzia bat" dela horretan segitzea.

Eta, bestalde, Israelgo Estatutzat jotzen den zonaldean, arma zuri bidezko hainbat eraso izan dira azken asteetan. Tel Aviv iparraldean, adibidez, badirudi arma zuri batekin gertatu dela eraso bat, eta sei pertsona zauritu dituztela.

Mehatxuak Iranen kontra oldartzeko, eta erresistentziaren kontrako mezuak

Amerikako Estatu Batuetara egin behar zuen bidaia bertan behera geratu den arren, Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek hainbat adierazpen egin ditu Iranen kontrako oldarraldi posible bati buruz. Esan du erasoaldia "hilgarria, zehatza eta ustekabekoa" izango dela.

Bestalde, izua eta mehatxuak hedatzeaz gain, beste intentzionalitate bat ere erakutsi du estatu sionistak azken orduetan: bere kontrako erresistentzia-indarrei legitimitatea kentzea eta haiek ahultzen saiatzea. Asmo horrekin egin du agerraldi bat Benjamin Netanyahuk, ustez, Libanoko biztanleei hitz eginez: "Libano salbatzeko aukera duzu, Gazan ikusten dugun bezala, suntsipena eta sufrimendua ekarriko dituen gerra luze baten amildegian erori baino lehen. Askatu zure herrialdea Hezbollahtik, oparoa izan dadin berriro".

Palestinar erresistentzia mehatxatzen ere segitzen dute sionistek. Honakoa diote Gazan jaurti dituzten esku-orri batzuek: "Tunel bat bera ere ez da hain sakona, [Yahia] Sinwar [miliziano buruetako bar]. Galdetu [Hassan] Nasrallahri [Hezbollahko idazkari nagusi izandakoa, eta duela gutxi sionistek eraila]".

EZ DAGO IRUZKINIK