AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Ekinklik Argazkiak
2025/02/04 10:29

Ostegun honetan, Iruñeko (Nafarroa) Erorien Monumentua izango dute hizpide udalbatzarraren ohiko osoko bilkuran. EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik jakinarazi dute jadanik adierazpen bat aurkeztu dutela, oroigarri frankista mantentzeko hautua berresteko eta horretarako urratsak egiten hasteko. Hain zuzen ere, adierazpen hori aztertu eta bozkatuko dute osteguneko bilkuran. Hiru alderdi horiek azaroan aurkeztutako itunak haserrea piztu bazuen, are sumin handiagoa sortu du monumentu faxista eraisteko eskaerari eta mobilizazio jendetsuei entzungor egiten jarraitzeak.

Elkarte memorialistek salatu dute EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik "mespretxuz" erantzun diotela oroigarria botatzeko aldarriari, eta "modu harroputzean eta negazionistan" jokatzen ari direla. "Eraispenaren aukera aipatzea distrakzio hutsa izan da gu isilik gera gintezen, eta, [EH Bilduko Joseba Asiron] alkateak esan zigun bezala, zarata gutxiago atera genezan", salatu du eraispenaren aldeko plataformak.

Urtarrilaren 18an egin zuten manifestazio handi bat Iruñean, beste behin ere, Erorien Monumentua bota dezatela exijitzeko eta aipatutako hiru alderdien ituna gaitzesteko: milaka pertsonak egin zuten bat aldarriekin. Hala ere, ikusita hiru taldeek oroigarri frankista mantentzeko pausoak ematen segitu nahi dutela hurrengo ohiko osoko bilkuran, elkarte memorialistek egun hori baliatuko dute berriz mobilizatzeko. Ostegunean, arratsaldeko 18:30ean, kontzentrazio zaratatsu bat egingo dute udaletxe plazan, beste behin ere, Erorien Monumentuaren eraispenaren alde.

"Nafarroako gizarte osoak, aho batez, badaki haren edukia, hau da, eraikin osoa faxismoaren eta frankismoaren gorazarrerako dela", gogorarazi du monumentuaren eraispena exijitzen ari den plataformak. Zalantzan jarri du EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik faxismoaren aldeko jarrera izatea, seinalatuz eskuineko taldeak "isil eta oso kontent" daudela Erorien Monumentua mantentzeko akordioarekin. Elkarte memorialistak sinesgaitz ikusten ari dira, gainera, nola jarraitzen duten hiru alderdiek "zentroari Maravillas Lamberto izena jartzeko tematuta", azpimarratuz horrek "mina eta sufrimendua" sortzen dituela Lambertoren familian.


Irakurri hemen borroka memorialistako kide Joaquin Iraizozi azaroan egindako elkarrizketa: "Erorien Monumentuaren genesia argi dago".

EZ DAGO IRUZKINIK