AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/11/29 19:22

19:30ean elkartu dira ehunka lagun Iruñeko (Nafarroa) Sarasate pasealekuan, Iruñerriko Kontseilu Sozialistak eta Gazte Koordinadora Sozialistak deituta. Aurreko astean dekretatu zuen Covid ziurtagiriaren derrigortasuna Nafarroako Gobernuak, eta horren harira deitu zuten protestara, Covid ziurtagiriari ez! Ez da osasun neurri bat, kontrol soziala da aldarripean.

"Neurri berri hau pandemia hasi zenetik ezarritako guztiei gehitzen zaie. Osasun krisiaren aterkipean, osasun neurritik gutxi eta autoritariotik asko duten neurriak hartu dira, itxura demokratikoa galtzen ari den Estatuaren benetako aurpegia erakutsiz", adierazi dute Kontseilu Sozialistako eta GKSko kideek. "Osasun sistemarako baliabideak falta diren bitartean, kontrol sozialerako neurriak hartzen ari dira".

Nabarmendu dute Covid ziurtagiriak, "berez, ezer gutxi egin" dezakeela "kutsadurak geldiarazteko", eta ez dagoela "benetan eraginkorrak diren neurrien izpirik". "Argitu nahi dugu ez garela ari txertoen aurka protesta egiten, baina konponbidea ez da ezkutuko kontrol sozialerako neurri bat. Ez du zentzu handirik, gainera, txertaketa indize handia kontuan hartuta", argitu dute gaurko elkarretaratzean.

Neurriak

Kontseilu Sozialistak eta GKSk azpimarra egin diote, bestalde, talde guztiek neurri berriaren aurrean erakutsi duten "pasibotasunari" edota eman dioten "babes osoari". "Guztiak batu dira biztanleriaren gaineko kontrolaren handitzea defendatzeko. Bien bitartean, krisiaren ondorioak pairatzen jarraitzen du proletariotzak", salatu dute. Ondorio horien artean aipatu dituzte "elikagaien, gasolinaren, alkilerraren nahiz argiaren prezioaren igoera, aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente berriak nahiz lan ziurgabetasuna".

"Erreformisten planak eta laguntzak barregarriak dira, eta laguntzak baino gehiago, pairatzen ari garen egiturazko arazoa, hau da, proletarizazio eta pobretze geldiezinak, ezkutatzen duten adabakiak dira", esan dute. "Gure egoerak okerrera baino ez du egiten".

Datorrena

"Gaur Covid ziurtagiria da, zer izango da bihar?", galdegin dute Kontseilu Sozialistako eta GKSko kideek: "Antolatu eta aurre egin behar diogu egoerari, beranduegi izan aurretik. Ez badiegu aurre egiten, kontrol neurriak ez dira geratuko. Martxan den proletarizazioari aurre egiten ez badiogu, ezingo dugu biziraun. Gaur inoiz baino gehiago: sozialismoa ala basakeria".

EZ DAGO IRUZKINIK