AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Metalocus
2021/12/09 12:44

Bidasoko Gazte Koordinadora Sozialistak eta Kontseilu Sozialistak kanpaina berri bat abiatu dute Irunen (Gipuzkoa), kontrol sozialaren eta arrazakeriaren areagotzea salatzeko. Izan ere, delinkuentziaren ustezko gorakada aitzakiatzat hartuta, polizia-indarrak hauspotzea eta bideo-zaintza kamera kopurua handitzea proposatu du Irungo Udalak, "segurtasunaren izenean".

Irungoa ez dela "kasu isolatu bat" azaldu dute Kontseilu Sozialistak eta GKSk; orokorrean, gora egin du erregistratutako delinkuentzia tasak Espainiako Estatuan. Dena den, "igoera horren egiturazko arrazoiei" ez erreparatzea leporatu diote Irungo Udalari: "[Delinkuentzia] kausarik gabekoa edo herritar batzuen zibismo faltaren ondorio izango balitz bezala jokatzen du".

Delinkuentziaren erroa

GKSko eta Kontseilu Sozialistako kideen esanetan, "bizi-baldintzen garestitzea eta pobretzea" nagusitzen ari diren krisi testuinguruan, "ohikoa izaten da langile klaseko kapa zaurgarrienek legez kanpoko praktika batzuetara jotzea"; alegia, delinkuentzia modura izendatzen denera. "Ezkutatu egiten da lege-urraketa ugari biziraupen beharrak bultzaturik egiten direla", gehitu dute.

Delinkuentziaren eta gizarte burgesaren arteko lotutari azpimarra eginda, salatu dute "aterabide poliziala" lehenesten duela estatu burgesak, "arazoaren iturburua behin betiko ezabatzeko borondate politikorik" ez duelako.

Kontrol mekanismoen ugaltzea

Horren adibide lirateke Irungo Udalak proposatutako neurriak: polizia-indarrak are gehiago indartzea eta kontrol sozialerako kamera gehiago jartzea. "Kamerek eta poliziek ez dituzte krisi kapitalistaren ondorio sozial eta ekonomikoak konpontzen", esan dute: "Kamera eta polizia gehiago egoteak ez du segurtasuna handituko, kontrol soziala eta errepresioa handituko ditu [...] Masa pobretu osoa kontrolpean edukitzeko erreformak dira".

Hatz salatariak

"Delinkuentziaren atzean dagoen proletarizazioa eta miseria ezkutatzeko", besteak beste, "delinkuenteen profila eta arraza" seinalatzen direla eta kolektibo horien aurkako kriminalizazioa indartzen dela salatu dute GKSko eta Kontseilu Sozialistako kideek. Horren adibide gisara aipatu dute Irungo Mosku plazako nahiz San Migueleko gertakarien ostean izan zen erantzuna. "Gertakari arbuiagarri horiek ez dira jazo erasotzaileak arraza edo nazionalitate zehatz batekoak izateagatik, baina alderdi horretan jartzen da azpimarra", esan dute.

Diskurtso arrazista horiek ez direla "eskuin-muturreko alderdietara mugatzen" ere azaldu dute: "Gizartean erraz hedatzen dira". Hedabide burgesek eta sare sozialek "errealitatearen irakurketa desitxuratua zabaltzen" dutela nabarmendu dute, bestalde. "Etnia zehatzen aurkako kriminalizazioa eta gorrotoa elikatuz gero, ez da harritzekoa haiek erasotzeko antolatutako ekimenak sortzea, edota poliziaren jardun errepresiboa eta kontrol soziala areagotzeko nahia sortzea", gaineratu dute.

Deia

"Auzia benetan konpontzeko, gizarte egitura eraldatzea beharrezkoa da, gizarte eredu komunistaren eraikuntza, alegia", ondorioztatu dute. "Alderdi instituzional guzti-guztiek autoritarismoa indartzen eta miseria kapitalista betikotzen" dihardutela salatu dute Kontseilu Sozialistak eta GKSk, eta "sozialdemokraziak arazoaren atzean dauden langileriaren esplotazio ekonomikoa eta azpiraketa politikoa abolitzeari" uko egin diola diote.

"Kapitalismoa eta bere ondorioak ezabatzeko, ezinbestekoa da sozialismoaren alde langileriaren antolakuntza independentea eta batasun politikoa elikatzea", ondorioztatu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK