Gurutzetako (Barakaldo, Bizkaia) ospitalean agerraldi bat egin du Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, Osakidetzako hainbat osasun-langileren parte-hartzearekin. Modu horretan jakinarazi dute Osakidetzan urratu egiten dela abortatzeko eskubidea, eta azaldu dute, azken urteetan, hori ikusi ahal izan dutela bertan jarduten duten profesionalek.
Hala, Itaiak gogorarazi du abortatzeko eskubidearen aldeko lanak "garrantzi handia" izan duela emakume langileon askapen-borrokan"; baina, "borroka horretan aurrerapenak izan badira ere", Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, besteak beste, "alderdi politikoek diotenetik urrun" dagoela "abortatzeko zerbitzuaren errealitatea".
Abortuari buruzko legea
Espainiako Estatuan 2010ean onartu zuten haurdunaldia eteteari buruzko legea, eta iaz erreformatu zuten. Hori guztia "abortu publikoaren aldeko lege bezala saldu" dute Espainiako Gobernuko alderdi politikoek, Itaiak nabarmendu duenez. 2023ko erreformak hainbat aldaketa jasotzen zituela ekarri du gogora; hala nola, "abortua osasun publikoan eskaintzea; abortatzeko modua aukeratzeko baldintzak bermatzea; kontzientzia eragozleen erregistroa publiko egitea, eta abortua gauzatuko duten langileak bermatzea".
Errealitatea: enpresa pribatuen negozioa
Errealitatean, baina, baldintza horiek guztiak ez direla betetzen seinalatu du Itaiak, eta horren adibidetzat hartu du Osakidetza. Osasun-sare publiko horrek hitzarmen bat dauka hainbat enpresa pribaturekin, haurdunaldi-eteteak haiek egin ditzaten. 2022an, esaterako, EAEn izan ziren abortuen %95 gauzatu zituzten zentro pribatuetan.
Emakumeon Antolakunde Sozialistak kritikatu du, beraz, "abortuaren zerbitzua osasun-sistema publikoak finantzatzen" duen arren eta "zerbitzua osasun publikoan bermatzeko baliabideak egon badauden arren", klinika pribatuetara bideratzen dela. Horri esker, aberasten ari dira "osasun-sistema pribatuaren atzean dauden enpresariak eta politikariak", Itaiaren esanetan.
Bestalde, eta 2023ko erreformak neurri hori jasotzen bazuen ere, EAEn oraindik ez dute sortu eta argitaratu "kontzientzia eragozleen" erregistroa. Espainiako Estatuko beste hainbat erkidegotan ere ez dute baldintza hori bete.
Emakumeen kontrako tratu txarrak, Osakidetzak indartutako kliniketan
Osakidetzako langileek adierazi dutenez, haurdunaldia eteteko prozesuan, hainbat tratu txar jasaten dituzte emakumeek kliniketan. Alde batetik, "emakumeei ez zaie erabaki bat hartzeko informazio nahikoa ematen edota
informazio faltsua ematen zaie", ebakuntza kirurgikoak errazteko. Ebakuntza horien bidez, izan ere, esku-hartze farmakologikoen bidez baino diru gehiago irabazten dute klinikek.
"Klinika pribatuek etekin ekonomikoak lortzea dute helburu bakarra, eta ondorioz, haurdunaldia eteteko interbentzioetan, interes ekonomikoak lehenesten dira", gaitzetsi du Itaiak.
Antolakundeak esan du, gainera, abortatzeak "estigma soziala" duela, eta horrek "normalizatu" egiten dituela "emakumeen aurkako kriminalizazioa eta presio soziala". Hori horrela izanda, ohartarazi du abortu-kliniketan ez dela inola ere "emakumeon konfindentzialtasuna bermatzen", eta horren adibide direla "legez kanpoko talde antiabortisten salaketak, nahiz eta 2023ko legeak legez kanpoko izendatu".
Hori gutxi balitz, agerraldian oroitarazi dute abortatu osteko azterketa medikoak, sarri, ez direla egiten; edo, egiten direnean, ez dela mediku berdina arduratzen. Teorian, Osakidetzak adostuta dauka ebakuntzaren "jarraipena egitea".
Abortatzeko eskubidea, unibertsala?
Gaurko agerraldian, hortaz, Itaiak beharrezkotzat jo du "instituzio publikoek saldu nahi diguten fartsa agerian uztea". "Egun abortu eskubidea unibertsala dela badiote ere, errealitatean ez da horrela", azpimarratu du. Adibide modura izan ditu gogoan, besteak beste, "paperik gabeko emakumeek haurdunaldia eteteko dituzten muga burokratiko eta legalak", edota "beste autonomia erkidego batzuetan erroldatutako emakumeek eta osasun-prestazioak dituztenek" jasaten dituzten oztopoak.
Antolakundeak iritzi dio alderdi parlamentarioek ez dutela "osasun-sistema publikoa indartzen": "Kontrara, pribatizazioa bultzatzen dute zerbitzuen azpikontratatzearen bitartez". "Gure ustez, doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den abortatzeko eskubidea bermatzeko, errentagarritasun ekonomikoan oinarrituriko osasun-sistemarekin amaitzea eta pribatizaturiko osasun-baliabideak sozializatzea beharrezkoa da", aldarrikatu du.