AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / @GSagardui.
2024/12/06 09:23

Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren esanetan, 130 milioi euroko balioa zuten kontratu zatikatuak egin zituen Osakidetzak 2022an, modu irregularrean. Horrela sinatu zituen botikak eta bestelako hornidura-produktuak erosteko kontratuak, baita bestelako inbertsioak egiteko kontratuak ere. Teorian, tramite horiek prozedura ireki baten bitartez egin behar dira, baina Osakidetzak ez zuen horrelakorik egin. Berriz ere legea hautsi zuen, beraz, milioika euroko kontratuak lehiaketarik gabe esleitzeko.

Modu horretan gastatu zituen 33,5 milioi euro botiketan eta 92,8 milioi euro bestelako hornidura-produktuetan, eta 2,9 milioi euro xahutu zituen beste "inbertsio" batzuetan, legezko prozedura irekia saihestuz. Hala gaitzetsi du Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak, 2022ko fiskalizazio-txostenean. Hori ez ezik, jakinarazi du Osakidetzak 94 espedienteren kontratuak luzatu zituela, legeak onartzen dituen mugetatik kanpo, eta 75,7 milioi euroko balioa izan zutela luzapen horiek.

Honakoa ez da Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak Osakidetzaren kontratu zatikatu horiek salatzen dituen lehen aldia. 2021eko fiskalizazioan ere seinalatu zuen osasun-sare publikoak 117 milioi euroko balioa zuten kontratu bereiziak egin zituela, askotariko produktuak eta ondasunak erosteko. Hala gastatu zituen 25,9 milioi euro botiketan, 88,9 milioi euro hornidura-materialetan eta 2 milioi euro bestelako inbertsioetan.

Kontratuen esleipen ustela 

Osotara, 8 milioi euroko balioa zuten 381 kontratu txikiren berri eman zuen LAB sindikatuak aurtengo urtarrilean, baina Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak kontuen fiskalizazioa aurkeztu zuen maiatzean, eta gutxienez 130 miloi euroko balioa zuten kontratuak aurkitu zituen. Esleipen horiek, sindikatuak salatzen duenez, "ustelkeria kasuak" izan daitezke.

Izan ere, inbertsio eta erosketa handiak egiteko orduan, prozedura irekiak abiatu behar dira teorian, Osakidetzak edo beste organo publiko batzuek enpresa jakin batzuei mesede ez egiteko. Hala ere, adibidez, 70.000 euroko obra bat martxan jartzean, lan horiek lehiaketa publiko handi batean esleitu ordez, 35.000 euroko bi kontratu egin zituen Osakidetzak, onuraduna enpresa berdina izan arren. Praktika hori debekatzen du Sektore Publikoko Kontratuen 2017/9 Legeko 99.2 artikuluak.

Kontratu handiak izango zirenak zatituz, euren legea betetzea saihesten dute erakunde publikoek. LABen esanetan, legeria ekiditeko hainbat modu daude: obra zatitu eta enpresa berdinari esleitzea, jabe berdina duten bi enpresari kontratuak igortzea, bi kontratu egin eta hainbat erakunde publikok hartzea euren gain, eta abar. Metodo horiek guztiek lehiaketa publiko zabalak saihestea dute helburu, kontratuak txikiak diren bitartean, zer enpresari esleitu erabakitzeko eskumena baitu Osakidetzak.

EZ DAGO IRUZKINIK