Beste eraso matxista bat salatu du emakume batek Iruñeko (Nafarroa) sanferminetan. 15 urteko neskari ukituak egin zizkion atzo gizon batek, Foruen Plazan.
Aurreko larunbatean hasi ziren San Fermin jaiak, eta, ordutik, gutxienez hamabost eraso matxistaren berri eman dute. Horietatik hiru "intentsitate altuko" erasoak izan dira, zehaztu dutenez. Aipatutako erasoei lotuta, hamalau gizonezko atxilotu dituzte oraingoz.
Emakume baten etxebizitzari su eman dio bere bikotekide ohiak
Bere kontra indarrean zegoen kautelazko-neurria hautsi eta, uztailaren 6an, bikotekide ohiaren etxebizitzan sartzen saiatu zen gizonezko bat, Iruñean bertan. Emakumearen baimenik gabe, etxeko giltza bat eskuratu zuen aurretik. Sartzen saiatu ostean alde egin zuen gizonak, baina emakumea etxetik joan eta bi ordu beranduago, gauez, etxebizitzari su eman zion. Atxilotu egin dute erasotzailea, eta hura espetxeratzeko agindua eman du epaileak.