AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/01/16 09:23

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak berriz eskatu du hainbat pertsona auzipetzeko, Euskal Herrian preso politikoei emandako harrerei lotuta. Zehazki, Antton Lopez Ruiz Kubati, Haimar Altuna, Oihana San Vicente, Oihana Garmendia, Kai Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanio seinalatu ditu. Oraingoan ere, preso politikoei egindako harrerak antolatzea leporatzen diete, baita ETAren biktimak "umiliatzea" ere.

2018an zabaldutako auzi bat hartu du oinarritzat fiskaltzak. Urte horretan atxilotu zituzten Lopez Ruiz eta Garmendia, Miren Zabaletarekin batera. 2020ko urtarrilean ere izan ziren hainbat atxiloketa, ongietorriei lotuta: Lopez Ruiz, Garmendia, Altuna eta San Vicente eraman zituzten atxilo. Prozedura judizialean, Euskal Herrian 2016tik 2019ra bitartean izandako 95 ongietorri aztertu omen ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Azken urteetan, auzipetutako hainbat pertsonari egotzi izan die auzitegiak ongietorriak "antolatzea eta koordinatzea". Aipatutakoez gain, 2020ko otsailean deklaratu behar izan zuten auzitegian beste sei lagunek: Garazi Autor, Ikerne Indakoetxea, Jorge Olaiz, Irati Tobar, Alberto Matxain eta Zabaletak berak.

Ongietorriei buruzko auziaren harira, auzitegiak jopuntuan jarri du azken urteetan, esaterako, Kalera Kalera dinamika: Kalera Info aldizkaria eta web-orria ixteko agindua eman zuen epaile batek 2021ean.

2022an, bestalde, Ibai Aginaga preso politiko ohiari Berangon (Bizkaia) emandako harrera ere ikertuko zuela jakinarazi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Urte horretako martxoan geratu zen aske Aginaga, eta hiru pertsona auzipetu zituzten hari egindako harrera zela-eta. Hainbat hilabete lehenago, halako ekitaldiei uko egin zieten Sortu alderdiak eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK); ez zuten bat egin, adibidez, Aginagari harrera emateko prestatutako ekitaldiarekin.

EZ DAGO IRUZKINIK