Espainiako Estatistika Institutuaren (INE, gaztelerazko sigletan) urriko datuen arabera, oliba-olioaren batez besteko prezioa %6 igo da irailetik. Datuei urtebeteko ikuspegiarekin erreparatuz gero, beraz, ikus daiteke olio hori %73,5 garestitu dela urtebetean. Eta ikuspegia zertxobait gehiago zabalduz gero, are kezkagarriagoa da erakusten dena: 2021eko martxotik hona, %150,7 garestitu da.
Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) jaso duen igoerarik handiena da oliba-olioarena. 2021eko apirilean ekin zion garestitzeari, %2ko gorakada bat izan zuenean; urte horretako maiatzean, jada, %5eko beste igoera bat izan zen olioaren batez besteko prezioan. Eta horrela, etenik gabe, gaur egungo prezioetara heldu arte. Ekilore-olioaren kostuak ere egin du gora; urtebetean, esaterako, %48 garestitu da.
Aldearekin da olioa, azken urtean, gehien garestitu den jakia. Arroza da urtebetean igoerarik handiena izan duen bigarren elikagaia, %16,6ko garestitze batekin. Patatak (+15,9), txerrikiak (+%13,8), azukreak (+%12,3) eta esne osoak (+%11,6) jarraitzen diete zerrendan.