Pasa den larunbatean, Olaztiko Gaztetxera (Nafarroa) sartu zen Foruzaingoa, barruan zeuden kideei eraso eginez. Sakanako Gazte Koordinadora Sozialistak azaldu du "gaztetxean agertu eta han zeuden gazteak aterarazi" zituztela poliziek, batzuk bortizki kolpatuz. "Gazte bat borrarekin buruan eta
aurpegian kolpatu zuten, eta horren ondorioz, sudurrean puntuak eta
buruan grapak jarri behar izan zizkioten". Ez da azkenaldian Poliziak gaztetxeen aurka egindako eraso bakarra: pandemiaren testuinguruan, Arbizuko (Nafarroa) eta Etxarriko (Nafarroa) gaztetxeen kontra ere jo zuten lehenago.
Sakanako GKSren hitzetan, "burgesiaren ofentsiba ekonomiko eta politikoaren beste adierazpen bat baino" ez da larunbatean gertatutakoa. Izan ere, proletarizazio prozesuaren testuinguruan "eskubide zibil eta politikoak ezabatzen" ari direla salatu dute, eta Estatua "gero eta jarrera totalitarioagoa" hartzen ari dela.
"Testuinguru arriskutsua normalizatzen ari da: eskubideen urraketak, Poliziaren jazarpena eta kontrol soziala, eta horrekin batera, larunbatekoa bezalako gertaerak. Diktadura ekonomiko eta politikoari aurre egin behar diogu, beharrezkoa da geure kabuz mobilizatzea". Bide horretan, urtarrilaren 29an Iruñean (Nafarroa) egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dute.