AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Olarizu hiribideko etxebizitzak botatzen hasi da udala.
2020/10/27 18:35

Gasteizko Udala pasa den astean hasi zen Olarizuko auzoan dauden 124 etxebizitzen titulartasuna hartzen eta bertan bizi diren familiei kanporatze jakinarazpenak helarazten. Udal gobernuak PPrekin egindako akordioaren ostean, aipatutako etxebizitzen barne eraiste prozesuari ekin zioten atzo; bi bloketan egin zituzten eraisketak.

Izan ere, lehendabizi, bide penaletik hasi zuten eraiste plana, baina hura agortu ondoren, bide administratibotik jarraitu dute azkenean. "Kaleratze jakinarazpenak auzokideek egunero bizi duten biolentziari gehitzen zaizkie", azaldu zuen joan den astean Etxebizitza Sindikatuak: "Presentzia poliziala handia bazen, orain jasanezina da: identifikazioak, atxiloketak...".

Aurretik ere antzeko egoerak bizi behar izan dituzte bizilagunek: ura eta argia moztu zizkieten iazko uztailean, esaterako. Iazko urrian, ur-hornidura kendu zieten berriz ere. Ondoren, Poliziak lagunduta kendu zituzten bizilagunek jarritako larrialdiko ur-biltegiak.

Kalean, alternatibarik gabe

Gasteizko Etxebizitzaren Aldeko eta Bazterketa Sozialaren kontrako ekimenak jakinarazi duenez, notifikazioak igorri ostean, 124 etxebizitzetan bazterkeria egoeran bizi direnek hamar eguneko epea izango dute alegazioak aurkezteko. Eraikin guztiak eraistea bost hilabete inguruz luza daitekeela kalkulatzen dute. Udal gobernuak etxebizitzetatik kanporatutako pertsonei gizarte zerbitzuen laguntza eskaini dien arren, hainbatetan salatu dute "herritar askok zerbitzu horietara jo dutela, eta erantzun dietela errekurtsoak beteta daudela, haiek kalean utziz".

Etxebizitza Sindikatuak eraso hau salatu nahi izan du. "Ehunka dira Gasteizen etxegabetzeko zorian dauden familiak, gainera, honen erruz kalean geratuko direnek ez dute inolako alternatibarik, aterpea familientzat itxi dutelako eta ez delako pisu tutelaturik geratzen", adierazi dute.

Ensanche 21en itzalak

Gasteizko Udala hiriburuko aldirietako etxebizitza zaharrak apurka-apurka desjabetzen eta erosten ari da, Ensanche 21 S.A. sozietateak barnebiltzen duen hirigintza-planaren barruan. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek zuzendutako administrazioak dio auzoak "birgaitzea" dela planaren helburua. Prezio gorakorreko eraikuntzak aurreikusten dira eremu horietan.

EZ DAGO IRUZKINIK