Espainiako Diputatuen Kongresuan, etxe-kaleratzeak eta edonolako desalojoak azkartzeari bide egin zioten azaroaren 14an: EAJk proposatuta, okupazioa gogorrago zigortzeko lege-aldaketa bat onartu zuten, hainbat alderdik bat egin baitzuten. Aldeko botoa eman zuten PP, UPN, CC, ERC, Junts eta EH Bilduk, hain zuzen ere. Behin Kongresuan okupazioaren aurkako neurria onetsita, Senatura eraman zuten gaia, baina bertan betoa jarri zion PPk. Beraz, eztabaida berriz mugituko dute Kongresura.
Bihar, abenduaren 19an, bigarrenez bozkatuko dute bertan okupazioaren kontrako lege-aldaketa. Hori dela-eta, Euskal Herrian, protestara deitu dute hainbat Gaztetxek eta kolektibok: elkarretaratze bat antolatu dute gaur arratsalderako, Eusko Jaurlaritza aurrean, Gasteizen (Araba). 17:00etan izango da, okupazioaren aurkako neurriari ezetz esateko eta alderdi politikoen erantzukizuna seinalatzeko.
Kongresuan lege berria onartu zutenean, Euskal Herriko 56 Gaztetxek eta eragilek indarrak batu eta neurria salatu zuten, agerraldi bateratu baten bidez.