Frantziako Poliziak atzo eraman zuen atxilo Oier Oa preso politiko ohia, 16:00ak aldera. Larresoron (Lapurdi) bizi da donostiarra, eta Baionara (Lapurdi) lanera zihoala atzeman zuten, kontrol batean. Hazparneko (Lapurdi) polizia-etxera eraman zuten eta, gau osoa han eman ondoren, gaur eguerdian gelditu da aske. Antza, abenduaren 14an eztabaidatuko dute Baionako auzitegian zein den Oaren egoera FIJAIT fitxategia dela-eta.
Oa 2015eko uztailean utzi zuten aske, Frantziako Estatutik Espainiakora estraditatu, eta Espainiako Poliziaren esku laga ostean. Lurralde debekua ezarri zioten Frantzian, eta askotan egin badu ere Larresoron bizi ahal izateko eskakizuna, oraingoz, ez dute onartu.
2012ko otsailean atxilotu zuten donostiarra, Angelun (Lapurdi). Lau urtez preso izan ostean askatu zuten 2015eko apirilean, baina Saint-Germain-en Layen -Paris inguruan- atzeman eta konfinatu zuten. Ekainean berriro atxilotu, eta atzemate-zentro batean eduki zuten uztailera arte. Orduan, Espainiaratu egin zuten, eta aske geratu zen.
FIJAIT fitxategia
2016an jarri zuten martxan FIJAIT fitxategia Frantziako Estatuan, ustez, "terrorismoari aurre egiteko", Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako atentatuen ondoren. "Erakunde terrorista batekin lotura" izan dezaketelakoan FIJAIT zerrendan sartzen dituzten pertsonak, hain zuzen, hamar urtez egoten dira egoera horretan. Gaur egun hainbat dira, terrorismoa leporatuta, FIJAITen sartuta dauden euskal herritar eta korsikarrak.