AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Diario de Navarra
2020/10/26 16:46

Espainiako Gobernuak atzo onartu zuen alarma egoera indarrean jartzea. COVID-19aren testuinguruan ezarri duen bigarren larrialdi egoera izango da honakoa, eta besteak beste, etxeratze agindua edota biltzeko askatasunaren mugatzea iragarri zituen atzoko agerraldian Pedro Sanchez presidenteak.

Hala ere, bada beste berezitasun nabarmen bat martxoan indarrean sartu zen alarma egoerarekin alderatuta: oraingoan, erkidegoek izango dute neurri murriztaileak kudeatzeko eta ezartzeko ardura. Hortaz, besteak beste, etxeratze agindurako Espainiako Gobernuak proposatutako ordutegia (23:00-06:00) ordubete aurreratzeko edo atzeratzeko aukera eman zaie erkidegoetako gobernuei, baita gehienez bildu ahal izango diren pertsonen kopurua zehaztekoa ere.

Nafarroako Gobernuak nahiz Eusko Jaurlaritzak hainbat neurri murriztaile jarri dituzte mahai gainean azken egunotan, uneko eskumenaz harago zihoazenak. Esaterako, etxeratze agindua aplikatzeko aukera aztertu zuen Nafarroako Gobernuak, baina azkenean ez zuten aurreko astean onartutako Foru Aginduan jaso, "foru eskumenetatik haraindiko" agindu bat izan zitekeela iritzita. Bestalde, Jaurlaritzak ere aurkeztu zituen zenbait neurri, esaterako, gehienez sei pertsona elkartu ahal izatea. Azkenean, EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen neurria, "oinarrizko eskubideak urratzen" dituela iritzita.

Maria Txibite Nafarroako presidenteak eta IƱigo Urkullu lehendakariak, biek ala biek eskatu zuten alarma egoera ezartzea eta ardura erkidegoen gain erortzea, "muga juridikoak" zituztela argudiatuta.

NAFARROAN, BILTZEKO ASKATASUNA MUGATUTA, BAI EREMU PUBLIKOAN BAI PRIBATUAN

Nafarroako Gobernuak aurreko astean aurkeztu zituen hainbat neurri murriztaile berri, tartean, lurraldea ixtea eta sarrera-irteerak debekatzea ("lanarekin edo osasunarekin lotutako arrazoiak" tartean ez badira).

Gaur arratsaldean, sarrera-irteeren debekua berretsi du Javier Ramirez Foru Gobernuko presidenteordeak. Horrez gain, jakinarazi du debekatu egin dituztela bizikide ez direnen arteko bilerak esparru pribatuan; soilik bakarrik bizi diren pertsonek, menpekotasuna dutenek eta adingabeek jaso ahalko dituzte bisitak etxean, eta pertsona bakarrarenak, gainera.

Nafarroan eutsi egin diote, gainera, 23:00etatik 06:00etara estatu osoan deituta dagoen etxeratze aginduari, alarma egoera bukatu arte.

Bestalde, ostalaritza sektorearekin bilduko direla iragarri badute ere, tabernen irekierari dagokionez ez dute datarik eman. Osasun sistemari dagokionez, "premiazkoak ez diren" ebakuntzak atzeratzea proposatu dute.

ARABAN, BIZKAIAN ETA GIPUZKOAN, UDALERRIAK ITXITA

LABI Babes Zibileko Planaren bileraren ondoren egin du agerraldia Eusko Jaurlaritzak, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan martxan jarriko dituzten neurri berriak azaldu dituzte. Herri guztietako sarrera-irteerak debekatu dituzte, hainbat jardueraren salbuespenarekin: lanera, ikastera, sendagilearengana edo senitartekoak zaintzera joateko soilik egongo da baimendua bizileku bezala finkatutako udalerritik irtetea. Jarduera "sozioekonomikoen" kasuan, "ohiko igarobideko" udalerri mugakideetara joatea baimenduta egongo da.

Nafarroan bezala, gaueko etxeratze agindua sartuko da indarrean, 23:00etatik 06:00etara, eta eremu publiko zein pribatuan sei pertsona bildu ahalko dira gehienez Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan.

EAEren itxiera perimetrala ere agindu dute.