Hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, bost emakumek jasandako tratu txarrak atera dira argitara Nafarroan azkeneko egunetan. Altsasun, esaterako, emakume bat kolpatu eta etxeko terrazara atera zuen haren bikotekideak, eta Orkoienen, bi aldiz jarraian atxilotu zuten gizonezko bat haren emazteari eraso egiteagatik: abenduaren 24an eraso zuen lehenengo, eta hurrengo egunean, urratu egin zuen "kautelazko" urruntze-agindua.
Bestalde, hainbat komunikabidek abenduaren 26an azaldu zutenez, Iruñean ere bikotekidearen tratu txarrak jasan izana salatu zuen emakume batek. Emakumeak hainbat polizia-agenterekin etxebizitzatik alde egin ostean, pisuan giltzaperatu zen erasotzailea eta, handik hainbat ordura, koltxoi bati sua eman zion. Eraikin osoan hedatu zen sutea, Zangotza kalean. Gutxienez sei pertsona zauritu ziren.
Tuteran eta Antsoainen ere bi gizonezko atxilotu dituzte azken egunetan, haien bikotekideei tratu txarrak egitea egotzita.