AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Volkswagen
2026/01/19 12:45

Volkswagenek jazarpen-neurri bat jarri du mahai gainean, Lan Ikuskaritzak bere aurkako ebazpen bat eman ostean: posible da kaleratze zuzenak gauzatzea, aldi baterako ehunka langileren kontratuak bertan behera uztea eta aurretiazko erretiroak gelditzea, besteak beste. Izan ere, ELA eta LAB sindikatuen iruzur-salaketak tarteko, Lan Ikuskaritzak konpainia behartu du aldi baterako 93 behargini lan-kontratu finkoak egitera. Zuzendaritzak erabaki hori bera erabili du gero aitzakia modura, murrizketak planteatzeko; ebazpen judizialaak urte honetarako kontratazio-planari eragingo diola esan du. Testuingurua larriagotzen du multinazionala nazioartean kaleratzeak eta itxierak burutzen aritzeak.

Berez, aldi baterako kontratua duten 400 bat langile errefortzu modura hartu behar zituen konpainiak, udan auto elektrikoak egiteko eta ekoizpenaren igoera posible bati erantzuteko. Orain, baina, aukera hori zalantzan jarri du, Lan Ikuskaritzaren erabakiaren berri izan ondoren. Bestalde, aukera dago Nafarroan 93 behargin zuzenean kaleratzeko.

ELAk, LABek eta CGTk salatu dutenez, baliteke gainera enpresaren erantzuna horretara ez mugatzea: aurten 61 urte bete edo beteko dituzten beharginek erretiroa aurrez hartzea eta plantilla gaztetzea omen zegoen mahai gainean, 30 urtetik beherako langileei kontratu finkoak ezarriz, baina hori ere kolokan jarri du enpresak. Eta, horrekin batera, aurrerantzean kontratazio berriak Aldi Baterako Laneko Enpresen (ETT, gazteleraz) bidez kudeatzeko eta 16.000 kotxe gehiago ekoizteko aukera baztertzeko mehatxua egin du.

Hori gutxi balitz, aipatutako sindikatuek jakinarazi dute zuzendaritzak ohartarazi duela, "jarrera guztiz mafiosoarekin", "ez duela erabaki ea errendimendu eta helburuen gaineko ordainsariak ordainduko dituen". Eta sakondu dute: "Nolanahi ere, ordainsari horiek kobratzen diren azken aldia izango da, %100aren ordainketa osoak soldata-egitura aldatzen baitu, dauden akordioak airean utzita. [...] Legeak ezartzen duenaren arabera ordainketa horiek egin beharko balitu, enpresak dio ez lukeela euro bakar bat ere jarriko, eta diru hori dagoen soldata-masatik aterako litzatekeela. Hau da, soldata jaitsiko litzaiguke". Gogorarazi dute, gainera, "ordainsari horiek lan-baldintzak aldatzearen truke datozela, ekoizpena handituz"; eta, "ezabatuz gero, lan egiteko modua ere aldatuko litzatekeela".

"ELAk, LABek eta CGTk ez dugu horrelako xantaiarik onartuko. UGTk eta CCOOk ez bezala, horiek multinazionalaren diskurtsoari men egin baitiote beren mehatxuak onartuz, eta ez dituzte beren akordioak ere defendatu", salatu dute: "Ez dugu onartuko langileak mehatxatzea eta, batez ere, legea ez betetzeari buruz ez ikusiarena egitea". 

EZ DAGO IRUZKINIK