Murriztutako lanaldien handiagotzea ahalbidetuko duen klausula bat, ordainketen KPIaren gaineko igoera, baja-osagarriak eta horien ordainketa osoa berreskuratzea... Horiek dira, besteak beste, Nafarroako garbiketa sektoreko beharginek egindako eskaerak, oraindik adosteke dagoen lan-hitzarmenari dagokionez. Patronalak, baina, eskakizunak onartu beharrean, "mahai negoziatzailetik altxatzeko" hautua egin zuen pasa den otsailaren 4an.
Beharginek, beraz, grebara joko dute hilabete honetan. Oraingoz apirilaren 13tik 16ra egingo dute greba, baina jakinarazi dute luzatu egin daitezkeela lanuzteak eta mugagabe bilaka daitekeela greba deialdia, patronalak haien eskaerak bete ezean.
Langileek nabarmendu dute "pandemiaren hasieratik lehen lerroan egon den ezinbesteko sektorea" izan dela garbiketarena eta, besteak beste, osasun-zentroak, ospitaleak nahiz medikalizatutako hotelak garbitzen jardun dutela urte honetan. Lan horiek zein baldintzatan bete behar izan dituzten azaldu dute, gainera: izan ere, "ziurgabetasunezko une batean" eta "norbera babesteko ekiporik gabe" aritu behar izan dira sarri.
Hala, hastear diren lanuzteak direla-eta, "elkartasuna, ulermena eta solidaritatea" galdegin dituzte.