AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/09 09:20

Inflazioak, hazkundearen moteltzeak eta gogortutako baldintza finantzarioek ezaugarritu dute mundu mailako ekonomia aspaldian. Ukrainako gatazkak, besteak beste, mundu mailako desoreka ekonomikoak azaleratu ditu, "merkatu gorakorren" edota "garapen-bidean dauden ekonomien" zorra izugarri areagotuz. Hala, munduko zorrak azken 50 urteetako igoerarik handiena jasan du, Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) arabera. Diru-sarrera baxuenak dituzten 74 herrialdeek 31.700 milioi euroko maileguak itzuli beharko dituzte aurten, 2020an baino %45 gehiago.

Ekonomia horiek, "txikiak" izanagatik ere, munduko Barne Produktu Gordinaren (BGP) %40 osatzen dute. Munduko Bankuak (MB) "arrisku larriak" aurreikusten ditu epe laburrean haietako askorentzat, eta gutxi batzuk, berriz, "kaudimengabezia" egoeran omen daude dagoeneko. Herrialdeok, MBren hitzetan, "desorekak" omen zituzten gerraren bezperetan.
Hamarkada batez era "mugagabean" zorpetzen aritu ondoren, zorra azken 50 urteetako maximoetara eraman zuen COVID-19aren krisiak; gobernuen diru-sarrera fiskalen %250etik gora.

Ondorioz, herrialde "pobreenen" %60 inguru "gainzorpetuta" edo "gainzorpetzeko arrisku handiarekin" heldu dira koiuntura honetara: petrolioaren prezioak izugarri igo dira, eta interes-tasek gora egin dute mundu osoan, ekonomia horiek "egoera zaurgarrian" utziz. Diru-sarrera ertaineko herrialdeak ez daude erabat salbuetsita; izatez, euren zorraren karga azken 30 urteetako maila gorenera iritsi da.

Eremu ezegonkorra

"Historiak erakusten du, halako baldintzen erdian, ezusteko gehigarri bat nahikoa dela krisi bat eragiteko", diote MBren blog batean. Gerrak oinarrizko produktuen inportaziotik, turismotik edo dibisa-bidalketatik bizi diren herrialde ugariren perspektibak kaxkartu dituenez, kanpo-zorraren kostuak igo ditu Afrika osoan, esate baterako.

Gauzak horrela, hamabi bat hilabeteko epean, baliteke garapen bidean dauden hamar bat ekonomia beren zorraren zerbitzuari erantzuteko moduan ez egotea. "Garapen bidean dauden ekonomietako zorraren krisi-uholderik handiena belaunaldi batean", Munduko Bankuaren eztabaida foroetan ohartarazi dutenez. Eragin dezakeen kate-efektua ezezaguna da gaur-gaurkoz.

Baldintza berriak

"Gaur egun zorraren krisiari aurre egiteko eskura dauden munduko mekanismo nagusiak ez ziren baldintza hauetarako diseinatu", gaineratzen dute adituek. Izan ere, "garapen bidean dauden ekonomien" kanpo-zorraren zatirik handiena estatu atzerritarrei hartutakoari zegokion duela urte batzuk, eta horien artean ia guztiak Parisko Kluba deritzon taldeko kideak ziren.

Egoera asko aldatu da gaurdaino. 2020. urte amaierarako, diru-sarrera baxu zein ertainetako ekonomiek estatuei baino bost aldiz gehiago zor zieten merkatal-hartzekodunei. Halatan, diru-sarrera baxuko herrialdeek zor publikoaren zerbitzuagatik 2022an ordaindu beharko dituzten ia 53.000 milioi dolarretatik, 5.000 milioi baino ez dira bideratuko Parisko Klubeko hartzekodunentzat. Gainerako zorrak, hartzekodun pribatuekin eta Txinarekin dituzte. Horrek emaitza argi bat izango du: datozen interes-tasa aldakorrak negoziatzea are zailagoa bihurtuko da, ez baita "barkamenik" izango; ez hartzekodun pribatuen ez Asiako Erraldoiaren partetik.

Salbagarria

G-20ak auziari heltzeko marko gisa balio izan du azken bi urteotan. MBk eta NDFk hala eskatuta, G-20a azkar aritu zen COVID-19aren agerpenarekin Zorraren Zerbitzua eteteko ekimena (DSSI) ezarriz. Egitasmoak Parisko Klubeko partaideak zein hortik kanpokoak bildu zituen, 50 bat herrialderentzat 13.000 milioi dolarreko zorraren ordainketa-etendura erabakitzeko. Halabaina, "aldi baterako babes sozialeko sare bat" izan zen, 2021. urte amaieran agortutako salbuespen-neurria; justuki, ustezko "susperraldi ekonomikoa" trabatu zenean.

Gerora, G-20ak Zorraren Tratamendurako Marko Komuna jarri zuen abian, Common Framework for Debt Treatments ingelesez. Horrek hartzekodun pribatuekin "negoziatu" eta haiekiko zorra asebetetzera behartzen ditu partaideak, estatuen eta NDFren arteko harremanen bidez. Zambia, Etiopia eta Txad negoziaketetan hasi dira dagoeneko, eta Sri Lankak eta Tunezek laguntza eskatu dute. Litekeena da beste askok datozen hilabeteetan gauza bera egitea.

Zorra, ehunekotan

Erreferentzia orokor gisa, zor globala BGParen %260tik gora kokatu da 2020tik hona, publikoa eta enpresa ez-finantzarioena %100ean, eta familiena, berriz, %60an. Espainiako Estatuaren kasuan, %290 ingurukoa da BPGaren gaineko zor orokorra, %120koa publikoa, %110ekoa enpresa ez-finantzarioena eta %60koa familiena. Amerikako Estatu Batuen zorra euren BGParen %300ekoa da, %135ekoa publikoa, %85ekoa enpresa ez-finantzarioena, eta %80koa familiena. Azkenik, Txinaren zor orokorra bere BPGaren %270ekoa litzateke, %70ekoa publikoa, %140koa enpresa ez-finantzarioena eta %60koa familiena.

EZ DAGO IRUZKINIK