2030. urterako, munduko biztanleriaren ia %7 muturreko pobrezia-egoeran biziko da, Munduko Bankuaren aurreikuspenen arabera. Oxfam Intermon erakundeak, berriz, Desberdintasuna SA txostenean ziurtatu du 2020tik %34 hazi dela munduko milioidunen aberastasuna; zifratan, 3.300 milioi dolar gehiago irabazi dituzte, inflazioa baino hiru aldiz gehiago. 2023an enpresa handien irabaziek ere goia jo dute: 148 enpresa handienek bakarrik, 1,8 bilioi dolarreko errekor berria ezarri dute. Horrekin, 2018-2021 artean irabazitakoa baino %52 gehiago bildu dute.
Monopolioranzko joera ere nabarmena da txostenean. 2020az geroztik, munduko bost pertsona dirudunenen aberastasuna bikoiztu baino gehiago egin da, 405.000 milioitik 869.000 milioi dolarrera igarota (%114 gehiago). Horrek esan nahi du bosteko horretako bakoitzak 14 milioi dolar batzen dituela orduro.
Milioidun bosteko horretako bakoitzak 14 milioi dolar batzen ditu orduro
Horrez gain, munduko hamar enpresa handienetatik zazpik dute nagusi milioidun horietako bat, eta enpresa horien merkatu-balioa uztartuta, 10,2 bilioi dolar batzen dute guztira; Afrikako eta Hego Amerikako herrialde guztien Barne Produktu Gordinaren (BPG) batura baino gehiago. Bide beretik, enpresa handienen %0,001ak munduko enpresa guztien irabazien herena bereganatu du eta, aldi berean, askotariko presio-mekanismoak baliatuta, irabazien gaineko zergen zama heren bat murriztea lortu du.
Enpresa horien merkatu-balioa uztartuta, 10,2 bilioi dolar batzen dute guztira; Afrikako eta Hego Amerikako herrialde guztien BPGaren batura baino gehiago
Bitartean, 800 milioi lagunen soldatak izoztu edo inflazio azpitik hazi dira: 1,5 bilioi dolar galdu dituzte azken bi urteotan. Beste modu batera esanda, ia hilabete oso bateko (25 egun) soldataren baliokidea galdu du langile horietako bakoitzak. Ezberdintasunei dagokienez, energiaren sektorearen kasua paradigmatikoa da. Mundu mailan, petrolio eta gas erreserben gaineko kontrola duten hamalau enpresa handienen irabaziak %278 hazi ziren 2018-2021 eta 2023 artean. Aldi berean, Espainiako Estatuari buruz Oxfamek emandako datuen arabera, biztanleriaren %17,1ek ezin dute beren etxea bero mantendu.
Petrolio eta gas erreserben gaineko kontrola duten hamalau enpresa handienen irabaziak %278 hazi ziren 2018-2021 eta 2023 artean