AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/09/26 20:46

"Hazkunde baxuko epe luze bat" iragarri du ELGA Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak astelehen honetan bertan. 2022ko bigarren hiruhilekoan mundu osoko ekonomia kapitalistak moteldu baziren, "atzeraldi orokorraren mehatxuaren" berri eman du datozen hilabeteei begira.

ELGAk berak aitortu duenez, Ukrainako gerrak energiaren eta elikagaien prezioak areagotu baino ez ditu egin, bizibideen kostua berez garestitzen ari den testuinguru batean. 2022. eta 2023. urteen artean munduko hazkunde kapitalista %3tik %2,25era jaistea espero du erakundeak. 2023an ekoitziko den aberastasun soziala, hain zuzen, duela urtebete aurreikusi zutena baino 2,8 bilioi dolar baxuagoa izan daitekeela uste dute; munduko Barne Produktu Gordinaren (BPG) %2 baino gehiago.

Datorren urtean, BPGaren urte arteko hazkunde tasa %0,5era jaitsi daiteke Amerikako Estatu Batuetan, %0,25era Eurogunean eta %0ra Erresuma Batuan. Eurogunean, zehazki, "ekoizpenaren beherakada handiak" izan daitezke neguan, iragarri dutenez.

ELGAren arabera, moneta-politika gogortzeak eta botila-lepo deituriko fenomenoaren arintzeak inflazioa "zertxobait" leundu dezake datorren urtean. Hala ere, erakundeak interpretazio baikorrak saihestu eta arriskuak gogorarazten ditu. Ez baita ahaztu behar aurkeztu berri dituzten 2022ko hazkunde- zein inflazio-tasa eguneratuak iaz aurreikusitakoak baino askoz ere kaxkarragoak direla. 

Estanflazioaren ertzean

Espainiako Estatuko hazkundea datorren urte amaierarako %4,4tik %1,5era jaistea espero du ELGAk, eta inflazioa, aldiz, ehuneko lau puntu baino zertxobait gehiago. Emaitza horiek Euroguneko zifra beldurgarrienekin alderatuta kontsolatzen dira Espainiako Gobernuaren aldeko hedabideak; Alemaniakoekin alderatuz, adibidez. Errusiako gasarekiko menpekotasun handiagoa du herrialde germaniarrak, eta ondorioz, ELGAk %1,2an kokatzen du haren hazkunde-tasa 2022. urtearen buruan. Hurrengo urterako, berriz, atzeraldi argian uzten du Alemania, -%0,7rekin. Hori gutxi balitz, Berlinek 2023ko Euroguneko inflazio-tasarik ikaragarriena izatea ere espero da, %7,5ekoa. 

Alemania, ordea, Euroguneko kide garrantzitsuenetariko bat da; garrantzitsuena ez esateagatik. Beraz, bloke ekonomikoko potentzia nagusiarekin batera amilduko dira bere bizilagunak ere. Halaxe iragarri du ELGAk: 2022an Euroguneko BPGa %3,1 haziko den arren, 2023an ez da %0,3ra helduko. Inflazioak, bitartean, %6,2raino egingo omen du gora. 

EBko beste estatu kide batzuen aldean, Espainiako Estatuko dezelerazioa erlatiboki baxuagoa izango den arren, bertako langileriaren erosahalmena oso kaltetuta iritsiko da datorren urtera. ELGAren kalkuluen arabera, Madrilek %9,1eko inflazioarekin amaituko du 2022a; hau da, Euroguneko tasarik altuenarekin. Azpiko inflazioak ere goian jarraituko du, %3,9an, eta 2023an %4ra iritsiko dela uste dute.

EZ DAGO IRUZKINIK