Lekeitiotik Gernikara, martxan da Eskola Ibiltaria

Hasi da aurtengo Eskola Ibiltaria. Lekeitiotik abiatu da Ikasle Abertzaleek antolatutako martxa, eta ikasle eta gazteek ostegunean amaituko dute ibilbidea, Gernikan. Gaurkoan Lekeitiotik Aulestirako bidea egin dute, eguraldiak lagunduta. Autodefentsa sareen inguruko mahai ingurua eta hainbat tailer egin dituzte bertan.
Argazki Nagusia
Bazkaria Aulestin.
2019ko uztailaren 23a

Aurtengo Eskola Ibiltariak goizean goiz eman dio hasiera ibilbideari. Ostiralera bitartean, Euskal Herriko hamaika txokotatik mugitutako ehunka ikasle zein gazte bilduko ditu ekimenak, Lekeitiotik (Bizkaia) Gernikarako (Bizkaia) bidean. Borroka komunitatea indartzeko, elkar harremantzeko eta formakuntzarako espazioa izango da Ikasle Abertzaleek antolatutako martxa.

Goizean ehundik gora gazte bildu dira Lekeitioko Mozolomendin, ibilaldiari hasiera emateko prest. Bonoa pultserarengatik trukatu, motxilak utzi, eta Aulestirako (Bizkaia) bideari ekin diote. Izan da martxaz gain jolaserako tarterik ere; datozen hiru egunetan luzatuko duten jolasa hasi dute Gizaburuagan egindako hamaiketakoan. Bestalde, euskal preso politikoei bidaltzeko gutunazal bana jaso dute bertaratu direnek, Eskola Ibiltarian bizitakoak eta hausnarketak bertan jaso, eta ondoren preso banari bidaltzeko.

Gaurko helmuga, Aulesti

Bazkalorduak jota iritsi da martxa Aulestira, eta giro ederrean egin dute otordua; errekan bainua hartzeko aukera ere izan dute, nekeari eta beroari aurre egiteko. Arratsaldean ekin diete hitzaldi eta tailerrei. Autodefentsa sareen inguruko mahai ingurua izan da lehenik, eta tailerrak ondoren.

Mahai inguruan saretzearen beharra eta esperientzia trukaketa izan dituzte mintzagai. Autodefentsa sareek borroka forma eta proposamen modura Euskal Herriko testuinguruan izan duten agerpenaz aritu dira. Horien eraginkortasuna azpimarratu dute; izan heziguneetan, zein soldatapeko lan eremuan. Borroka tresna horrek izan dezakeen eraginkortasunaz zein epe motz eta luzera begira izan beharreko bilakaeraz ere hitz egin dute.

Hainbat tailer izan dira ondoren. Besteak beste, militantzia kultura eta segurtasuna, ezagutza tekniko komunikatiboa, analisi koiunturalak eta plangintzak, sormen tailerra, okupazioa, agitazioa eta propaganda, eta jai eredua landu dituzte. Itaiako kideen eskutik egin dute jai ereduaren inguruko tailerra.

Behin afaria amaituta, eskaintza kulturala ere izango da gaurkoan; hain zuzen, ipuin kontalaria eta kontzertu akustikoa. Indarrak eta atseden hartuta, Munitibarrerako (Bizkaia) bideari ekingo diote bihar gazteek.