AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/29 14:51

Beste behin ere, unibertsitatera sartu eta ikasleek sortutako Herri Unibertsitatea desegin zuen atzo Ertzaintzak, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU/UPV) aginduz. Atzo ekin zioten Herri Unibertsitateari gazteek, Gasteizko (Araba) campusean eta, ohi bezala, hitzaldi-sorta indartsuekin. Gauean, baina, Letren Fakultatean zeudela, Ertzaintza bertaratu zen: indarrez kanporatu zituen ikasleak unibertsitatetik, kolpeka eta arrastaka. 

Jasandako errepresioa zela-eta, Herri Unibertsitatearen gaurko egitaraua bertan behera uztea erabaki dute ikasleek. Horren ordez, bart gertaturikoa eta "EHUren izaera poliziala" salatzeko manifestazio batera deitu dute: Gasteizko campusean bertan egin dute mobilizazioa, 13:00etan Elurretatik hasita. Ikasleek zeramaten pankartan, argia zen mezua: Polizia unibertsitatetik kanpora! EHU errudun.

Campuseko fakultateak zeharkatu ostean, EHUren errektoreordetza aurrean bildu dira gazteak. Bertan, ohikoa bihurtzen ari den irudi bat ikusi ahal izan da: Ertzaintzak zeukan hartuta errektoreordetzako aurrealdea, osorik.

Indarrez isilaraziak

Mobilizazioa amaitzean egindako adierazpenetan, Ikasle Abertzaleakeko kideek "larritzat" jo dute bart Letren Fakultatean gertatutakoa. "Hitzaldiz betetako egitarau baten ostean, Herri Unibertsitatea antolatzeko orduan EHUk jarritako oztopoak salatzeko eta ikasle langileok bizi dugun errealitate gordina mahaigaineratzeko, fakultatea hartu genuen" azaldu dute, atzoko itxialdiari dagokionez: "EHUk izan zuen jarrera ez zen harritzekoa izan. Berriro ere, dialogorako bide guztiak itxi zituen. Berriro ere, Polizia bidali zuen ikasleak erreprimitzera. Berriro ere, formakuntza eta antolakuntza politikoa berresten ditugun ikasleok gara borraz eta indarrez isilaraziak".

Zorrotz seinalatu dute EHU, beraz, "ikasle langileon antolakuntza independentea erreprimitzeko duen funtzioa" azpimarratuta. "Argi utzi nahi dugu karga polizialen eta jazarpenaren erantzukizun osoa EHUrena dela eta ekimen politiko oro erreprimitzeko prest dagoela, dialogorako aukerarik eman gabe", salatu dute manifestazioan. Horri lotuta, gazteek esan dute, "EHUren debekuen zein errepresio polizialaren aurrean, ikasleon formakuntza politikoa eta pentsamendu kritikoa sustatzeko ekimenak antolatzen jarraituko" dutela.

Polizia unibertsitatetik kanpora

Nabarmendu dute "Polizia unibertsitatetik kanporatu behar dela" exijitzeko mobilizatu direla gaurkoan, "onartezina delako Polizia inpunitate osoz campusera sartzea, ikasleok jipoitzea eta EHUk eskuak garbitzea". Ezinbestekotzat jo dute "unibertsitatean eskubide politikoak defendatzea", eta "ikasle langileon antolakuntza independentea" aldarrikatu dute beste egun batez.

Zentzu horretan, datorren martxoaren 20an grebara batzera deitu dute berriz: "negozioen eta inposizioen hezkuntzaren" kontra, greba-deialdi bat egin du egun horretarako Ikasle Abertzaleak antolakundeak. Hasieran, martxoaren 13rako egin zuen deia, baina astebete atzeratu du azkenean.

EZ DAGO IRUZKINIK