Lekeitioko ikasleek batera lan egiteko eta ikasteko liburutegia jarri dute martxan gaztetxean

Ikasturteak irauten duen artean egongo da zabalik liburutegia, igandetik ostegunera. Elkarrekin lan egiteko eta ikasteko aukera izango dute bertan ikasleek, eta Lekeitioko Gazte Asanbladako kideen eskutik, zalantzak argitzeko laguntza ere edukiko dute. Lekeitioko IAko kideek azaldu dutenez, ikasle langileen defentsan aritzeko "baliabideak denen eskura jarriko" dituzte.
Argazki Nagusia
2020ko maiatzaren 26a
Lekeitioko (Bizkaia) Ikasle Abertzaleaken ekimenez, DBHko eta batxilergoko ikasleentzako egokitutako gune bat jarri dute martxan Lekeitioko Gaztetxean. Ikasturtea bukatu arte egongo da erabilgarri, eta ikasleen asmoa da bertan taldean ikasi eta lan egin ahal izatea.

Ekimena aurkezteko kaleratutako oharrean, atzo, ikastetxera itzuli beharrean, grebara batu ziren ikasle guztiei indarra helarazi zieten Lekeitioko IAko kideek. Azaldu dutenez, ia hiru hilabetez etxean bakartuta egonik ikasturtea modu telematikoan aurrera atera behar izateak, zaildu egin du ikastea eta lanak egitea. Hala, ikasleen bakardadeari, zalantzak argitzeko baliabide faltari edota laguntza eskasari egin diote azpimarra.

Hortaz, beharrezkotzat jo dute elkarrekin lan egiteko eta ikasteko gune bat prestatzea. Espazioaz gain, zalantzak argitzeko laguntza ere izango dute gaztetxean, Lekeitioko Gazte Asanbladako kideen eskutik. Igandetik ostegunera bitartean egongo da irekita liburutegia, arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara. Osasun-neurriak errespetatuko direla jakinarazi dute IAko kideek.

Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu lemapean hasitako dinamikarekin jarraituz, garai hauetan ere ikasle langileen defentsan jarduteko "baliabideak denen eskura jarriko" dituztela adierazi dute.