AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / FLNKS
2024/05/16 09:31

Atzo eguerdian jakinarazi zuen Frantziako Gobernuak larrialdi-egoera ezarriko zuela Kaledonia Berrian; teorian, deskolonizazio-prozesuan dagoen Ozeaniako uhartedian. Hiru gauez egon dira istiluak bertako kaleetan (nagusiki Noumea hiriburuan eta inguruetan), eta lau hildako izan dira jada: antza, gutxienez hiru manifestari erail eta ehunka zauritu dituzte polizia-indarrek, eta jendarme bat ere hil da.

Hala, salbuespen neurriak martxan dira jada lurralde horretan, ostegun goizeko 05:00etatik: asteartean etxeratze agindua inposatu ostean, azken orduetan, Frantziako Armadak hartu ditu Kaledonia Berriko portuak eta aireportuak. Gutxienez hamabi egunez egongo da indarrean larrialdi-egoera, eta debeku ugari jartzeko aukera izango dute Frantziako agintariek: manifestazioak eta bilkurak debeka ditzakete, babes-perimetroak ezar ditzakete eta "miaketa administratiboak" direlakoak eska ditzakete.

Oraingoz, ezarri dute debeku bat jada: Tik Tok blokeatu dute lurraldean. Horretarako, gobernuak argudiatu du protestetan parte hartu duen jendeak ("zalaparteroek") sare sozial hori erabili duela; deialdiak egiteko, kontaktuan jartzeko eta abarretarako.

Protestak azken egunetan

Kaledonia Berriko mugimendu independentistak abiatu zituen protestak aurreko hilean, Frantziako Gobernuak hautesle erroldari lotuta egin nahi duen erreforma konstituzionala dela-eta. Itxura denez, bertako kanakoen eta gerora hara mugitu direnen arteko "oreka demografiko bat" ezarri nahi du gobernuak boto emaileen erroldan, hura handituta eta zabalduta. Gogor seinalatu dute neurri hori mugimendu independentistakoek, ordea: mugimendu horrekin, Frantziako Gobernuak herri kanakoaren eragina eta ahalmena murrizteko asmoa duela diote; kontrara, loialisten indarra areagotzeko.

2007ko aldaketa konstituzionalaz geroztik, honelaxe dago mugatuta Kaledonia Berriko Kongresurako hauteskundeetan botoa eman dezaketen pertsonen zerrenda: 1998ko maiatzaren 5ean (Noumeako Akordioa sinatu aurretik) erroldan izena emanda zeuden biztanleek soilik bozka dezakete.

Senatuak iragan apirilean onartu zuen errolda hori handitzeko erreforma, eta horren kontrako mobilizazio ugari piztu ziren uhartedian. Protestak, baina, biziagotu egin dira joan den astelehenean; Asanbleak aste honetan hartu behar zuen neurri horri buruzko erabakia. Atzo heldu zioten gaiari Asanblean: Senatuarekin bat egin eta bide egin zioten erreformari.

Astelehenean, esan bezala, jende andana atera zen kalera erreformaren aurka protesta egitera, eta euren kontra oldartu zen Polizia. Azkenean hiru gauez luzatu dira istiluak, eta GIGN eta Raid unitate espezializatuek ere esku hartu dute manifestarien aurka. GĂ©rald Darmanin Barne ministroaren arabera, atzo 1.800 polizia mobilizatu zituzten Kaledonia Berrira, eta beste 500 joango dira datozen orduetan.

Ehunka atxilotu eta bost preso

Azken egunetan, ehunka manifestari atxilotu dituzte protestetan Frantziako polizia-indarrek: ia 300 izan dira. Gainera, bost pertsona preso hartu dituzte jada: oraingoz, haiek etxean preso edukitzeko agindua igorri du Darmaninek. Descifrando La Guerra-ren arabera, Kanakoko Askapenerako Fronte Sozialistarekin (FLNKS, jatorrizko sigletan) lotura dute atxilotutako lagunek.

EZ DAGO IRUZKINIK