'Iraganeko ikaspenetatik sozialismora' lelopean, Kontseilu Sozialista Gasteizek zenbait ekimen antolatu ditu martxoaren 3ari lotuta

"Memoriaren barrikadan ekarpen xumea" egin eta, 1976ko greba eta mobilizazio zikloaren 45. urteurrenean, hainbat ekimen antolatu ditu Kontseilu Sozialista Gasteizek. Besteak beste, martxoaren 3ko mobilizazioan "Bloke Sozialista" osatzera dei egin dute Kontseilu Sozialistako kideek, 17:15ean Rafa plazan. Gasteizko GKSk martxan du martxoaren 3aren harira prestatutako egitarau propioa, 'Zapaldu guztien omenez, klase independentzia eraiki' aldarri hartuta.
Argazki Nagusia
2021eko otsailaren 23a

45 urte igaro dira 1976an Gasteizen (Araba) ireki zen greba eta mobilizazio ziklotik. Urtarrilaren 9tik martxoaren 3ra arte iraun zuen zikloak, eta borroka esperientzia horrek "eragin sakona" izan zuen garaiko hainbat mugimendutan, gaur egun ere mantentzen dena, Kontseilu Sozialista Gasteizen esanetan.

"Garaipena urrun dago, porrot historikoa ukaezina da, eta beraz, hutsune eta akatsetatik ikastea berebizikoa da", azpimarratu dute Kontseilu Sozialistako kideek. Ezinbestekotzat jo dute, hortaz, "atzera begiratzea" eta "langile mugimenduaren historiaren analisi kritiko bat eginez ikaspenak ateratzea". Historiako pasarte horiek "sinbolikoki trinkotzen" dituen egun bati helduko diote datozen asteetan, alegia, martxoaren 3ari. Hainbat egitasmo antolatu dituzte egun historiko horren harira, eta argitaratu dute egitaraua jada.

  • Otsailak 26. Mahai-ingurua: Langile borrokaren historia eta gako estrategikoak, Amparo Lasheras, Jon Las Heras, Endika Alabort eta Aitor Martinezen eskutik. 17:30ean Zabalganako Gizarte Etxean.
  • Martxoak 3. Omenaldia martxoaren 3ko borrokan eroritakoei. 13:30ean M3 plazan. Gero, 17:15ean, Bloke Sozialista Rafa plazatik.

GKS, "zapaldu guztien omenez"

Gasteizko Gazte Koordinadora Sozialistak ere prestatu du egitarau propioa martxoaren 3aren harira, dagoeneko martxan dena. GKSko kideak "gazte perspektiba" landuz ari dira ekarpena egiten, Zapaldu guztien omenez, klase independentzia eraiki lema hartuta.

Hilaren 11n abiatu zituzten jardunaldiak, "martxoaren 3a eta oraina pentsatzeko" hausnarketa kolektibo baten bidez. Joan den asteburuan, aldiz, Langile klasearen antolakuntza eta borroka esperientziak 1976ko martxoaren 3ko testuinguruan hitzaldia izan zuten Aranako Gizarte Etxean eta Abetxukoko Auzo Elkartean.

Hilaren 28an emango diote amaiera egitarauari. Gazteen antolaketa mugimendu iraultzailearen historia hitzaldia antolatu dute egun horretarako, Aldabeko areto nagusian. GKSko kideek aldarrikatu dute "sozialismoaren eraikuntzari gazte esparrutik ekarpena eginez" omenduko dituztela martxoaren 3ko sarraskian eraildako guztiak.