Ikasle Abertzaleek oharra argitaratu dute gaurko 'Gora Ikasleon Borroka!' grebaren harira

Ikasle Abertzaleek ez dute parte hartu 'Gora Ikasleon Borroka!' dinamikak gaurko, azaroak 28, antolatutako mobilizazioetan. Greba, izatez, "langile mugimenduaren tresna historikoa" dela eta "ikasle langileen baldintzen hobekuntza" erdietsi beharko lukeela azaldu dute IAko kideek; 'Gora Ikasleon Borroka!'ren deialdiak, baina, kontrara, "antolakunde eta agenda instituzional zehatzak indartzeko funtzioa" baino ez duela salatu dute. Gaurko deialdiaren oinarrian "proposamen politiko abstraktuak eta edukiz hutsalak" egotea ere gaitzetsi du IAk, eta eredu horrek, ikasle mugimenduak azken urteetako "esperientzietatik ikasitakoa" baztertzen duela diote.
Argazki Nagusia
Ikasle Abertzaleek antolatutako mobilizazio bat. Argazkia: Ikasle Abertzaleak
2019ko azaroaren 28a

Gora Ikasleon Borroka! izeneko dinamikak ikasle greba deitu du gaurko, azaroak 28, "euskal hezkuntza sistema propio baten alde". Horren harira, hitza hartu dute Ikasle Abertzaleek. Hala, auziaren inguruko ikuspegi politikoa argitara atera dute, ohar baten bidez.

Lehenik eta behin, gaur "hezkuntza kapitalistaren aurka" mobilizatzeko hautua egin duten ikasleei "errespetua" adierazi die IAk. Dena den, azpimarratu dute Gora Ikasleon Borroka! izeneko mugimendua ez dela tokian tokiko "ikastetxeetako asanbladetatik sortu den saretzeko beharraren ondorio". Kontrara, gaurko grebaren deitzailea, Ernaik abiatutako Ikasleok Zorrotz dinamikaren ondoren sortu dela azaldu dute, eta beraz, haren ondorengotzat jo dute: "Ikasleok Zorrotz dinamikak zituen helburuen jarraipena da; ikastetxeetan Ernairen koltrolpeko taldeak sortzeko helburuaren jarraipena".

IA, 31 urteko jardun militantea bizkarrean daraman ikasle antolakundea, berretsi egin da "feminismoa eta euskal hezkuntza sistema propioa elikatzeko" hautuan, eta azaldu du "Euskal Eskola Nazionalaren eraikuntza prozesuan" diharduela buru-belarri. Horregatik, Ikasle Abertzaleen ustez, "sortu berri den edozein antolakuntzaren" (Gora Ikasleon Borroka!, kasu) "lehen zeregina" da "bere izatezko arrazoia azaltzea"; hau da, azaltzea, haien ustez, "IAk zergatik ez dituen zerrendatutako helburu politikoak betetzen". "Ariketa hau ez egiteak eztabaidarako prestutasun falta adierazten duelakoan gaude", gehitu dute.

Hala, Ikasle Abertzaleek adierazi dute ez dituztela babesten "greba deitzaileen zintzotasun falta" eta "Ernairen kontrolpeko taldeak sortzeko asmoa": "Ondorioz, IAk ez du helburu horiek bultzatzeko greba deialdi eta mobilizazioetan parte hartuko". Greba "langile mugimenduaren tresna historikoa" dela azaldu dute IAko kideek; eta mobilizazioek, "ikasle langileen baldintzen hobekuntza" eta "epe luzerako antolakuntzaren kultura" sortu beharko lituzketela uste dute. Gora Ikasleon Borroka!ren gaurko deialdiak, ordea, kontrara, helburu bat eta bakarra duela salatu dute: "Antolakunde eta agenda instituzional zehatzak indartzeko funtzioa".

Horrek dituen ondorio larriak ere mahaira atera dituzte Ikasle Abertzaleek: "Mobilizazio eredu horrek ez ditu helburu zehatzak gauzagarri egiten, eta epe luzera ikasleen desmotibazioa eta desmobilizazioa areagotzen ditu".

Gaurko greba deialdiak oinarrian dituen aldarrikapenak, "proposamen politiko abstraktuak eta edukiz hutsalak" direla adierazi dute IAko kideek. Izan ere, Gora Ikasleon Borroka!k ez du "helburu horiek gauzatzeko bide-orriaren inguruko inolako proposamenik egiten". Horrek, azken urteetako "esperientzietatik ikasitakoa" baztertzen duela dio IAk; hau da, "Euskal Eskola Nazionalaren aldeko indarrak biltzeko bidean ikasle langileak hobekuntza materialen aldeko borroka eraginkorren bidez politizatu eta antolatzeko apustua egin" dugula.

Gainera, "greba eredu eta praktika politiko" horren "zuzentasuna" adierazten duten hainbat kasu izan dituzte gogoan Ikasle Abertzaleek. Izan ere, "dozenatik gora kasutan lortu zuen Ikasle Mugimenduak aldarrikatutako helburua gauzatzea"; esaterako, ikastetxeetako ebaluazio irizpideen edota kontrol sozialaren aurkako borroketan. Adibide horiek izan zituzten hizpide aurreko ikasturte amaieran, idatzi honetan.

"Ikasle langileen intereseko hobekuntzak" lortzeko borroka prozesuak indartzeko konpromisoan berretsi dira Ikasle Abertzaleak, beraz. "Euskal Herriko ikasle langileon defentsan egiten diren dinamikak babesteko eta elkarlana sustatzeko apustua egiten dugu, baita bide-orriaren eta mobilizazio ereduen eztabaida elikatzekoa ere, beti ere abiapuntu zintzo eta zuzen batetik", gaineratu dute.


Irakurri Ikasle Abertzaleen oharra osorik, hemen