IAk mobilizazioak egingo ditu apirilaren 22an, 'Langile klasearen hezkuntzarako sarbidea defendatu!' lelopean

Hainbat sindikatuk greba deialdia egin dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publiko osoan, zerbitzuen indartzea eskatzeko. Ikasle Abertzaleakek manifestazioak egingo ditu egun horretan, eta "hezkuntzako sektore publikoak bizi duen egoera salatzeko nahiz irakurketa plazaratzeko" baliatuko du eguna. Mobilizazioak antolatu ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru hiriburuetan, "kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izango den hezkuntza eredua" aldarrikatzeko.
Argazki Nagusia
Argazkia: Ikasle Abertzaleak
2021eko apirilaren 4a

Ikasle Abertzaleakek manifestazioak antolatu ditu hilaren 22rako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoan hainbat sindikatuk egindako greba deialdiaren testuinguruan. "Hezkuntzako sektore publikoak bizi duen egoera salatzeko eta gure irakurketa plazaratzeko probestu nahi genuke apirilaren 22a", azaldu du IAk.


Mobilizazioak Gasteizen (Araba), Bilbon (Bizkaia) eta Donostian (Gipuzkoa) gauzatuko dira, Langile klasearen hezkuntzarako sarbidea defendatu! leloari jarraiki. 11:00etarako finkatu dituzte hitzorduak, Elurretan, Sarrikon zein Ibaetako Aularioan, hurrenez hurren.


"Kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izango den hezkuntza eredua" aldarrikatuko dute ikasleek hiru hiriburu horietan. Bestalde, osasun-egoeraren aldaketak tarteko, "mobilizazioen forma zein datak alda daitezkeela" ohartararazi dute IAko kideek. "Ikasle Abertzaleaken komunikazio-bideetara adi egoteko" eskatu dute, horietan jakinaraziko baitute mobilizazioen gaineko aldaketa oro.


EGITURAZKO FUNTZIOA


Proletariotzaren ikasteko eskubidea historikoki "borroka gogor zein luzeen bitartez" lortu dela ekarri du gogora IAk. Lorpen hori, antolakundearen esanetan, "oso garrantzitsua" izan da langile klasearentzat; bere mesederako jakintza determinatu bat metatu ahal izatea edota lan-indarraren balioa igotzea bezalako aspektuak "kualifikazioaren ondorio" direla azaldu baitu.


Dena den, ikasketa prozesua langileriarentzat "beharrezkoa bezain kaltegarria" dela azpimarratu dute IAko kideek. Azaldu dutenez, "ideologia burgesaren hedatzea" ahalbidetzen du eskola kapitalistak, baita ikasleak "soldatapeko diziplinamenduan" txertatu ere.


KRISIA


IAren ikuspuntutik, "aurrekaririk gabeko krisi testuinguru" batean gaude. Seinalatu dute errealitate sozialean atzeman daitezkeela horren frogak, hala nola, "salbuespen egoera politikoa" nahiz "eskubide zibil eta politikoen galarazpena". Horrek guztiak ikasleria txiroena "bete-betean" jotzen duela adierazi dute; baina hori ez ezik, nabarmendu dute baliabide materialen eta ikasteko espazio duinen faltak ikasleek "eskola uztea" ere areagotu duela.


Unibertsitatean antzeko joera identifikatu du IAk. Ordutegi aldaketek nahiz online klaseek "zailtasun handiak" sortzen dituzte soldatapeko lana eta ikasketak uztartzeko, eta horren ondorioz, "ikasle txiroenen kanporatze sistematikoa" hauteman dute unibertsitatean ere. Kanporatze horrek, gainera, "etorkizuneko ekoizpen eredu burgesak beharko duen lan-indarraren konposizioa errotzeko joerari" erantzuten diola argitu du antolakundeak; "pobreagoa eta otzanagoa izango den langileriaren eraikuntzari", hain zuzen ere.


KANPORAKETA


Azkenik, "larritasun handiz" ikusten dute langile klasea hezkuntzatik modu esponentzialean kanporatua izateko mehatxua. Ofentsiba burgesak hezkuntzan "pribatizazioa", "segregazioa" eta "eskubideen murrizketa" dakartzala salatu dute, eta ondorioz, bi erronka finkatu dituzte datozen urteei begira: "hezkuntza eredu publikoa defendatzea" nahiz "hezkuntza eredu burgesa iraultzea".


Hortaz "ikasleriak gaitasun politikoak irabaztea" lehenesten du IAk, "beharrezko baldintzatzat" jotzen baitu ofentsiba burgesari aurre egiteko.