Deba bailarako Ikasle Abertzaleakek antolatuta, Ikasle Martxa izango da hilaren 23tik 25era

Arrasaten hasi eta Eibarren amaituko da Ikasle Martxa, Bergaratik igarota. "Hezkuntzaren funtzioak", "selektibitatearen nolakotasuna" edota "autodefentsaren beharra" landuko dituzte gazteek, eta aisialdirako tartea ere izango da. IAko kideek azaldu dutenez, "komunitatea sendotzea" eta "formakuntzan sakontzea" dira Ikasle Martxaren helburu nagusiak.
Argazki Nagusia
Elkarretaratzea Bergaran, IAk deituta. Argazkia: Debagoienako IA
2020ko uztailaren 16a

Ikasle Abertzaleakek Ikasle Martxa antolatu du Deba bailaran. Hala, uztailaren 23tik 25era bitartean, Arrasate-Bergara-Eibar ibilbidea osatuko dute ikasleek, Arrasaten hasi eta Eibarren amaituta, hain zuzen. IAko kideen esanetan, "komunitatea sendotzea" eta "formakuntzan sakontzea" dira Ikasle Martxaren helburu nagusiak.

Ostegunean, hilak 23, Arrasateko plazan elkartuko dira guztiak, martxari hasiera emateko. 14:30ean izango da bazkaria Bergaran, eta arratsaldean hitzaldi bat entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek: Hezkuntzaren funtzioak sistema kapitalistan eta selektibitatearen nolakotasuna. Gero, afaria eta kontzertu akustikoa izango dira.

Hurrengo egunean, hilak 24, gosarian indarrak hartu eta Bergaratik Eibarrerako bideari ekingo diote gazteek. Bazkalostean Autodefentsaren beharraz hausnartzen hitzaldia eskainiko dute hainbat kidek, eta 19:00etan Photoshop eta grafitti tailerra egin ostean, bertso-afarirako tartea izango da 21:00etan.

Larunbatean, hilak 25, Eibarko gaztetxean gosalduko dute guztiek, eta ondoren, agurrarekin emango diote amaiera aurtengo Ikasle Martxari.