Atzo, azaroak 23, dozenaka lagun bildu ziren Azpeitiko (Gipuzkoa) Esklabak eraikinean eta Arrigorriagako (Bizkaia) Jose Miguel Beñaran gune sozialistetan, Gazte Koordinadora Sozialistak deituta. Espazio horiek egokitzea izan zuten helburu, eta hamaika izan ziren egin zituzten lanak. Batetik, Esklabak eraikinean, eguzki plakak jarri zituzten bertaratutako gazteek, energia bitartezko argi indarra ahalbidetzeko. Bestetik, euri ura baliatuz, ur sistema jarri zuten, eta eraikineko goiko pisuetako gelak egokitzeko lanei ere heldu zieten egunean zehar.
Beheko solairuari dagokionez, Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistak antolatutako Jantoki Soziala lekuz aldatuko dela kontuan hartuta, gela berri bat egokitzeko lanetan murgildu ziren. Besteak beste, gelak txukuntzen eta hainbat pareta eraisten zein eraikitzen aritu ziren.
Jose Miguel Beñaran gune sozialistan, aldiz, garbiketa lanak, hormen zarpiatze lanak, instalazio elektrikoak jartzeko lanak edota biltegiaren egokitzapen lanak egin zituzten, besteak beste. GKSren esanetan, "gazte langileen problematikan", "garrantzia berezia" dute gune horietan egindako auzolanek. Izan ere, "praktika politikoa aurrera eramateko funtsezko espazioak" direla azaldu dute GKSko kideek, eta guneok "egokitzea eta praktika politikorako prest izatea ezinbestekoa" dela azpimarratu dute.
Auzolanaren kultura
Atzokoa ez zen Gazte Koordinadora Sozialistak auzolanak deitzen zituen lehen aldia. Duela aste batzuk, Tolosako (Gipuzkoa) Ezpala gaztetxean aritu ziren auzolanean herrialdeko militanteak. Gaztetxea garbitzen eta egokitzen jardun zuten, espazioan aurrerapen handiak ahalbidetuz.
Iragan ekainean, aurreneko Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea izan zen Azpeitian (Gipuzkoa), GKSren eta Ikasle Abertzaleen eskutik. Lan egunak izan zituen ardatz egitasmoak; besteak beste, Esklabak eraikina, Loiolako baratzeak edota Azpeitiko Gaztetxea egokitzen aritu ziren ehunka gazte, auzolanean. Orduko hartan, lan egunak erdigunean jartzea "apustu" modura azaldu zuten antolatzaileek: "Sekula egin ez den zerbait izan da, eta ikusi dugu benetan baliagarria dela hainbeste jendek elkarrekin lan egitea, modu koordinatuan".
"Urtean zehar beste auzolan batzuk egin ditugu Euskal Herriko hainbat gunetan, eta orain ikusi dugu egindako ibilbide horrek guztiak eskala handiagoan lana egin ahal izateko eta antolatzeko gaitasuna eman digula", gehitu zuten. Formula hori helduleku hartuta, hamaika gune lan militantez hornitzen jarraituko du GKSk. Izan ere, auzolanekin jarraitzeko asmoa adierazi du, eta hurrengo hilabeteetarako ere hainbat lan egun iragarri ditu. Horretarako, garrantzizkotzat jo dute espazioek euren beharrak identifikatzea; ostera, lan militantearen bidez, gaurkoak bezalako lanak aurrera eramateko.