AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/02/24 10:15

Aurkezpen nazionalean ehunka pertsona bildu ondoren, Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleakek argitara atera dute aurtengo Gazte Sozialisten Topagunearen egitaraua. Bost eguneko ekimena izango da oraingoan, apirilaren 9tik 13ra bitartean, Legution (Araba).

Antolatzaileek aurretik iragarri zuten modura, "lan planifikatuak izango du zentralitatea" aurtengo Topagunean ere. Hala, lan egunak izango dira aurreneko bi egunak, osteguna eta ostirala. Goizetik hasita, hainbat bloketan banatuko dira gazteak, obretan, tailerretan, txandetan eta aisian aritzeko, aldizkatuta.

Aurten ere "ildo sozialistaren baitan antolatutako espazioak egokitzen" jardungo dute bertaratzen diren gazteek, "indarrak biderkatzeko, antolakuntza gaitasunetan sakontzeko, eta proiektu lokalei zein maila nazionalean antolatutako espazioei ekarpen zuzena egiteko tresna" baita Topagunea, aurkezpenean adierazi zutenez. Aurten garrantzia berezia izango du hustutze arriskuan dagoen Desjabetuon Hotelak.

Dena den, lan egunen bukaerarako, aisialdirako eskaintza ere prestatu dute antolatzaileek: ostegunean zirkua izango da afalostean, eta ostiralean, Abagunea izeneko ikuskizuna.

Larunbatean, hitzez hitz

Behin lan egunak amaituta, "eduki politikoan sakontzeko" unea izango da larunbata. 10:00etan hasiko dira hitzaldiak, "politika sozialistaren hainbat esparru" oinarri hartuta; hain zuzen, generoa, soldatapeko lana, gazteria, ikasleria, espazioen kontrola eta kultura. Bazkaria egingo dute gero, eta arratsaldean, 16:30ean hasita, Gaur egungo erronka politikoak izango dituzte hizpide.

Afaldu ondoren, kontzertua eskainiko du Legution Petti egile abeslariak.

Igandean, martxa eta kontzertuak

Igande goizean, aldiz, Albertiako zelaietara martxa egingo dute gazteek. Horren ostean, 14:30ean izango da bazkaria, eta 19:00etan, ekitaldi nagusiari emango diote hasiera GKSko eta IAko kideek. Gauean ospakizunek hartuko dute tokia, hainbat kontzertu medio; Dead Bronco, Boot Boys eta Rude Pride taldeak arituko dira lehenengo, eta gero, Bassagain Hip Hop Reggae Connection, MC eta hainbat DJ gonbidatu igoko dira oholtza gainera.

Astelehenean, jasotze lanekin amaituko da aurtego Topagunea.

Bonoak salgai

Antolatzaileek gogorarazi dutenez, Topagunerako bonoak eskuragarri daude oraindik, Euskal Herri osoan martxan jarritako salmenta puntuetan. 35 euroan erosi daitezke bost egunetarako txartelak.

EZ DAGO IRUZKINIK