Aisialdirako eta formakuntzarako egitarau oparoa izango da Eskola Ibiltarian

Ikasle Abertzaleakek antolatuta, ikasleen "auto-heziketa iraultzailean" beste urrats bat ematea izango du helburu Eskola Ibiltariak. Lekeitiotik (Bizkaia) abiatuko dira ikasleak bihar, uztailak 23, eta 26an iritsiko dira Gernikara (Bizkaia). Tartean, Aulestin eta Munitibarren egingo dituzte geraldiak. Gaur aurkeztu dute hiru egunetarako prestatutako egitaraua.
Argazki Nagusia
Eskola Ibiltariaren prestakuntza lanak. Argazkia: Ikasle Abertzaleak
2019ko uztailaren 22a

"Despolitizazioa, lehiakortasuna eta indibidualismoa" nagusi diren gizartean, joera horiei aurre egiteko "proletalgoaren auto-heziketa iraultzailea" ahalbidetuko duten espazioak sortu nahi ditu Ikasle Abertzaleak ikasle antolakundeak; hala, mekanismo dominatzaileek "potentzial iraultzailea" neutralizatu ez dezaten. Norabide horretan, euren "konpromiso sendoa" adierazteko antolatu dute Eskola Ibiltaria. Era berean, borroka komunitatea sendotzeko eta ikasleei udako errutinatik at lau egun "atsegin zein aberasgarri" igarotzeko aukera emateko antolatu dute ekimena.

Lau eguneko martxa

Lau egun izango ditu ibilaldiak. Martxez gain, hitzaldiak, tailerrak, jolasak zein eskaintza kulturala ere izango dira. Asteartean, hilak 23, langileen defentsa saretzearen beharraz arituko dira, eta esperientzia trukaketa ardatz izango duen mahai ingurua egingo dute. Hainbat tailer izango dira ondoren, eta afalostean, ipuin kontalaria eta kontzertu akustikoa egingo dituzte. Astezkenean, ITAIA emakume sozialisten sareko kideek hitzaldia eskainiko dute, eta genero auzia izango dute hizpide. Afalostean, aldiz, Kartzelako bizipenak saioa eskainiko dute bi preso ohik. Ostegunean amaituko da ekimena; behin martxa amaituta, bazkalostean, militantzia kultura sozialistaren zenbait ezaugarriren inguruan arituko dira ikasle eta gazteak. Ekitaldi politikoa ere izango da Gernikako Astran, eta ondoren, Urkabe, Katez eta Lilith Selektah taldeek emango dituzte kontzertuak.