AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/20 11:30

Mossos d'Esquadrako polizia batek suzko arma erakutsi du Nou Barriseko (Bartzelona) Verdum auzoan egindako etxegabetze batean. Herenegun izan ziren gertakariak, eta maizterrek jarritako kamera batek bete-betean harrapatu zuen une hori. Nou Barriseko Etxebizitza Sindikatuak eta Alerta Solidària kolektiboak salatu dutenez, polizien esku-hartzea "arduragabea, paranoikoa eta arauz kontrakoa" izan zen desalojoan. Mossoak arma zorrotik atera zuen momentuan, etxe-kaleratzea burututa zegoen jadanik, eta ez zegoen inor Poliziak hustutako etxean.

Duela bi egun etxegabetutako bi maizterrak, Denis eta Yolanda, iruzur baten biktima izan dira. Etxearen jabe legala izatearen plantak egin zituen iruzurgile batek, eta horrela sartu ziren pisura. Egiatan, baina, Anticipa Real Estate korporazioa da etxebizitzaren jabea, AEBetako Blackstone funtsaren filial bat. Etxegabetze-prozesuari ekin zion hark.

Alerta Solidàriako bozeramaile Martí Majoralek adierazi duenez, etxegabetzeetan areagotu egin da Poliziaren presentzia, eta maiz esku hartu dute "istiluen kontrako" BRIMO unitateak edo ARRO unitate bereziak. Majoralen arabera, gero eta ohikoagoak eta sendoagoak diren dispositibo polizialetan militanteen "beroko erreakzioak" bilatzen dituzte agenteek, atxiloketak justifikatzeko. Horretaz gain, iritzi dio manifestarien "askatasun zibikoei" erasotzen dietela eta etxebizitza-eskubidearen aldeko protesta antolatua itzaltzea bilatzen dutela, orokorrean.

Nou Barriseko Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, horrelako interbentzio polizialak, polizia-indarren presentzia itogarriarekin batera, bereziki ikusgarriak izan dira Sants, Sant Gervasi, Trinitat Vella, Poble Sec edo Reusen oraintsu izandako etxe-kaleratze batzuetan.

EZ DAGO IRUZKINIK