Joan den larunbat goizaldean, Prodeme elkarteak Monforte de Lemosen (Lugo, Galizia) duen eraikinak eraso bat jasan zuen: bi molotov koktel jaurti zituzten bertara. Hesitu gabe dagoen zati bateko leihotik bota zituzten sua eragiteko materialak, eta sutea piztu zuten beheko solairuko erabilera anitzeko gela batean; altzariak, tresnak, paretak eta gortinak kaltetuz.
Inoren kargura ez dauden 80 adingabe migratzailerentzako zentro bat izango da eraikina. Fabiola Garcia Galiziako Xuntako Gizarte Politikako sailburuak zentroa irekiko dutela ofizialki iragarri eta astebetera gertatu da erasoa.
Mugimendu sozialek eta hainbat talde politiko antifaxistak ekintza arrazista gisa definitu dute erasoa, gazte migratzaileak jomugan jartzen dituena. Horren aurka, mobilizazio batera deitu dute Monforte de Lemosen, Faxismoa Monfortetik kanpora lelopean.
Gertatutakoa, dena den, ez da isolatua. Uztailean, Valliranan (Bartzelona, Katalunia), adingabeentzako beste zentro bati eraso zioten, modus operandi berarekin, eta horrek agerian uzten du migrazioarekin lotutako proiektu humanitarioen aurkako biolentziarako joera kezkagarria. Hainbat talde politikok eta komunikabidek zabaltzen duten diskurtsoak, pertsona migranteen kriminalizazioa eta estigmatizazioa sakontzen dutenak, gero eta indar handiagoa du. Askotariko erasoak bultzatzen ari da hori guztia, ondasun materialak kaltetzeaz gain, sektore zaurgarrien bizia eta osotasun fisikoa arriskuan jarriz.