Immigrazio eta Aduanen Kontrolerako Taldeko (ICE) agente batek 37 urteko estatubatuar bat erail zuen asteazkenean Minneapolisen, Donald Trumpen Administrazioak sustatutako sarekaden testuinguruan. Segurtasun Nazionaleko Departamentuak (DHS) tiroketa baieztatu zuen, eta gertatutakoa justifikatzeko, biktimari leporatu zion "ofizial federalak harrapatzen saiatu" izana, kasua "etxeko terrorismotzat" joz. Istilu esanguratsuak izan dira Minnesotan eta protesta-puntu ugari piztu dira Minneapolisen, Poliziarekin izandako liskarrak barne.
Migrazio-poliziak hildako emakumea borondatezko behatzaile zibil bat zen, hainbat hedabideren arabera: etorkinen aldeko kolektiboen izenean, ICEren jarduerak kontrolatzen zituen. ICEk emandako bertsioaren arabera, kamioneta bat gidatzen ari zen andrea, eta "ibilgailu federalak igarotzea oztopatzen ari zen".
Sare sozialetan zabaldutako bideoek erakusten dutenez, agente bat kamionetara hurbildu zen. Leihoa itxita zegoen, ordea, eta atea irekitzen saiatu zen polizia. Autoak atzera egin zuen pixka bat, eta martxa azkartu zuen. Une horretan, ICEko beste ofizial batek, ibilgailuaren aurrean zegoela, hiru aldiz egin zuen tiro emakumearen aurka. Kamionetak hainbat metro egin zituen aurrera aparkatuta zeuden beste ibilgailu batzuekin talka egin aurretik, eta gidariak bizia galdu zuen.
Trumpek Truth Social-en aipatu zuen gertakaria, eta esan zuen biktimak "oztopatu, erresistentzia egin eta bortizki harrapatu zuela agentea". Presidenteak defendatu zuenez, poliziak "bere burua defendatzeko egin zuen tiro". Kristi Noem Segurtasun Nazionaleko idazkariaren esanetan, tiroz hildako emakumea ICEko agenteei "jazartzen" ari zitzaien.
Protestak berehala piztu ziren tiroketaren ondoren, eta Minneapolisen barrena zabaldu dira. Manifestariek I-94 bezalako funtsezko sarbideak blokeatu dituzte eta bat-bateko barrikadak jarri dituzte. Black Lives Matter lelotzat duten taldeek eta migratzaileen eta komunitate latindarren elkarteek elkarretaratzeak deitu dituzte, besteak beste. Cedar-Riverside auzoan, somaliar biztanle ugari dituen auzoan, konfrontazioak izan dira istiluen aurkako poliziekin, eta gutxienez 47 pertsona atxilotu eta hainbat zauritu dituzte. Horren guztiaren ondorioz, Tim Walz gobernadore demokratak (Kamala Harrisen kide ohia) larrialdi-egoera ezarri eta Guardia Nazionala ipini du martxan, erreserban zeuden 2.000 agenterekin.