AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/06/11 12:16

Israelgo Estatu terroristak iazko urrian ekin zion oldarraldi militarrari Gazako Zerrendan. Ordutik, 37.000 palestinar inguru erail ditu, eta 83.000 baino gehiago zauritu. Zortzi hilabetez etenik gabe egin dituen erasoek, gainera, milaka eta milaka pertsona behartu ditu ihes egin behar izatera. Errefuxiatu-eremuetan pilatuta daude asko eta asko, miseriazko baldintzetan.

Izan ere, ez dago leku segururik Gazan, eta sionistek ezarritako blokeoak are gehiago larriagotzen du palestinarrek jasan behar duten miseria: elikadura eta ur falta, botika falta, higiene falta orokorra, eta abar. Okupazio-indarrek, gainera, berriki lortu dute Gaza eta Egipto arteko muga osorik hartzea, indarrez hori ere.

Gaixotasunak eta baliabide falta

Gazako Osasun Ministerioak maiatzaren amaieran argitaratutako datuen arabera, urriaren 7tik hona, milioi bat palestinarri baino gehiagori atzeman dizkiete infekzio-gaixotasunak. Hepatitis A kasuak dira asko eta asko, eta, osasun-langileen arabera, "pilaketak eta babeslekuetako higiene-maila baxuak" eragindakoak izan daitezke, batez ere.

"Lehen-mailako arretako gobernu-zentroek lanean jarraitzen dute, medikamentu, ur, elikagai eta segurtasun falta izan arren", azaldu zuen ministerio horrek. Osasun-ekipamenduen eta bestelako baliabideen faltaz gain, odol-emaile faltaz ohartarazi dute.

Ospitaleen eta osasun-langileen kontrako erasoak

Azken zortzi hilabeteetan artatu dituzten kasuen %85 sailkatu dituzte larrialdi modura. Dena den, jakinarazi dutenez, azken zortzi hilabeteetan Gazako Zerrendako 155 osasun-etxeri egin diete eraso sionistek. 130 anbulantzia suntsitu dituzte, eta 26 ospitale eta 53 osasun-zentro utzi dituzte erabilezin.

Gainera, palestinarren kontrako erailketa masiboaren barruan, osasun-langileak ere badira noski: gutxienez 500 behargin hil dituzte. Atxiloketak ere izan dira euren kontra, eta, azken datuen arabera, 310 osasun-langile palestinar eraman dituzte atxilo militar sionistek.

EZ DAGO IRUZKINIK