AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/19 12:59

Askatasunaren Alderdi (PPV) ultraeskuindarrak, Liberalen Alderdiak (VVD), Demokristauek (NSC) eta Nekazari-Hiritarren Mugimenduak (BBB) osatu zuten Herbehereetako koalizio-gobernua uztailaren 2an, eta Dick Schoof kontserbadorea hautatu zuten lehen ministro. Herbehereen zerbitzu sekretuen buru izan zen Schoof. PPV da indar nagusia gobernuan, eta bost ministerioren ardura hartu du, besteak beste, Migrazio eta Asilo Ministerioarena.

Azken horretako burua da Marjolein Faber ministroa, eta berak atera du mahaira Herbehereetako migrazio-politika gogortzeko proposamena. "Gure asilo-politika propioaren arduradun izan behar gara", aldarrikatu du Faberrek. Horretarako, eskaera polemiko bat egin du jadanik.

"Inoiz ikusi ez den asilo-erregimen itxi bat" ezartzeko helburua adierazi du berriki Schoofek, eta, hala, aurrekaririk gabeko zerbait eskatu dio Herbehereetako Gobernuak Europako Batzordeari. Faber ministroak jakinarazi duenez, borondatezko esklusio-klausula bat exijitu du, Europar Batasuneko migrazio- eta asilo-sistematik kanpo geratzeko. Alegia, migrazioari eta asiloari lotutako politika propioak ezarri nahi ditu. Momentuz, eskaerari uko egin diote Europako agintaritzek.

Europar Batasuneko Migrazioari eta Asiloari buruzko Itun berria

Oraingoz, behintzat, Europar Batasuneko Migrazioari eta Asiloari buruzko Itun berria bete beharko dute Herbehereek ere. Aurtengo apirilean onartu dute hitzarmena; besteak beste, mugetako eta bestelako kontrolak zorroztu dituzte, asilo-eskatzaileak onartzeko irizpideak zaildu dituzte, eta pertsona migranteen kontrako hainbat praktika zapaltzaile legeztatu dituzte.

Hori ez ezik, Europako Batzordeak derrigorrezko "elkartasun"-sistema bat jarri du martxan itunarekin, herrialde bateko immigrazio-fluxua handia dela irizten bada, beste herrialde batzuek laguntza eman dezaten. Teorian, hiru aukera izango lituzkete estatuek pertsona migranteei "laguntza emateko": "osasuna", "segurtasuna" eta bestelako kontrol-irizpide baztertzaile batzuk kontuan hartuta onargarriak diren lagunen egoera legeztatzea, haientzako laguntza finantzatzea, edota kanporatzen duten migrante bakoitzeko 20.000 euro ordaintzea.

Faber ministroak adierazi duenez, oraingoz hirugarren bidea hartuko lukete Herbehereek; migrazio-sistema propio bat lortzen ez duten bitartean, behintzat.

EZ DAGO IRUZKINIK